Urriaren 5ean hasiko du denboraldia Goieniz zineklubak, ohiko ordutegira itzulita
Usurbe antzokian 21:00etan hasiko dira saioak. Carla Simonen 'Uda 1993' filma eskainiko dute. Ikusleen fideltasuna saritzeko, zortzi saiotara joaten direnek Goienizen poltsa jasoko dute opari
Denboraldi berria estreinatuko du Goieniz zine klubak urriaren 5ean, ohiko ordutegira itzuliz: ostegunetan, 21:00etan. Udaberrian ikusleen artean egindako inkestaren emaitzaren ondorioa da saioak ordu erdi aurreratzea, askotan, film luzeak izaten direnez, saioak berandutu egiten direlako.
Carla Simon zuzendari kataluniarraren Uda 1993 filma izango da eskaintzen lehenengoa. 2017ko filma da, Simonen opera prima. Urriko bigarren filma ere aukeratuta dute dagoeneko, Glory (un minuto de gloria). Abenduaren 28an, Gau Laburrarekin amaituko da ikasturteko lehenengo zikloa.
Urbietako bulegoa dute lan lekua eta Goienizko kideak diren Jose Ignacio Sanchez, Leire Iturrioz eta Olatz Larreak zehaztu dutenez, denboraldiko gainerako filmak zehazteko dauzkate oraindik: «Bakoitzak bere filma proposatzen du eta guztien artean aukeratzen dugu, beti ere gai, genero eta herrialde aniztasuna kontuan hartuta, eta jatorrizko bertsioan». Sanchezen esanetan, «filmak proposatzea eta aukeratzea izaten da lanik zailena, baina, aldi berean, politena».
Zine komertzialetik kanpo ateratzea dute beste helburu bat, eta filmak transmititu nahi duen mezuari garrantzia handia ematen diete zine klubekoek.
Elkarlanean
Honela, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean filma saioak antolatzen dituzte, Asmuberekin eta Lemniskatarekin adibidez. Sanchezek aurreratu duenez, azaroaren 16ko filma, herriko talde batek hala eskatuta, «memoriaren eta elkarbizitzaren ingurukoa izango da». Goienizkoen esanetan, «irekita gaude elkarlanerako. Zailena izaten da gaia proposatzen digutenean film egokia aurkitzea. Euskararekin zailtasunak ditugu, oso film gutxi daude eta».
Ikusleak saritu
Ordutegi berriaz gain, aurten ere badute beste berrikuntza bat Goienizen: ikusleen fideltasuna saritzeko, urritik ekainera bitartean zortzi saiotara joaten diren ikusleei, Goienizen logoa daraman oihalezko poltsa oparituko diete. «Txartel berezia izango dute eta joaten diren bakoitzean zigilua jarriko diegu».
Goienizen albiste guztiak goieniz.wordpress.com webgunean irakur daitezke.













