Segura, bertsolari eta bertsozaleen topaleku
Seguran bertsoaren inguruan antolatutako eguna dute gaur. Batetik, Bertso Eskolen topaketa egiten ari direlako; eta bestetik, gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa jokatuko delako. Eguerdi partetik hasita, bertso giroa zabaldu da herrian. Euskal Herriko herri askotatik etorritako Bertso Eskoletako ikasleak bildu dira Elorri tabernan. Agur moduan, saioa ere egin dute, eta eguerdira arte ez da giro faltarik izan. Gereziondoko gunean jarritako karpan, 150 bat lagunentzat prestatutako bazkaria egin dute gero. Arratsaldean Bertsotruk desafioa eta gauean eMePeBo5t taldearen kontzertua izango dituzte.
Eguneko bigarren hitzordu nagusia, arratsaldeko 17:00etan izango da, Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa jokatuko baitute Baratze pilotalekuan. Nerea Elustondo (Legazpi), Ander Fuentes (Zubieta), Beñat Iguaran (Amasa-Villabona), Felix Zubia (Zarautz), Jon Martin (Oiartzun) eta Unai Gaztelumendi (Añorga) ariko dira kantuan, denak ere, final aurrekoetarako postu baten bila.