Isabel tabernako idiaren misterioa argitu da
Duela 25 urte, Urretxuko Santa Anastasia jaietako Euskal Jaian, Isabel taberna erre zen. Tabernako sinbolo nagusia Gorri idi mitikoaren buru disekatua zen. Burua erre egin zen, baina adarrak ez, ordea.
Duela 25 urte, Urretxuko Santa Anastasia jaietako Euskal Jaian, Isabel taberna erre zen. Tabernako sinbolo nagusia Gorri idi mitikoaren buru disekatua zen. Burua erre egin zen, baina adarrak ez, ordea. Adarretako bat Joxe Salegi tabernako nagusiarekin lurperatu zuten eta bigarrena orain azaldu da. Aurtengo Euskal Jai egunean, hain zuzen ere.
Fernando Salegi, Joxeren semea, oso hunkituta ageri da. «1974an etorri ginen hona, Elgoibarko San Migel auzotik. Gurasoek Isabel taberna hartu zuten. Nik 9 urte nituen eta berehala lan egitea tokatu zitzaidan. Zazpi urte eman nituen tabernan lanean eta ikasten. Oso taberna berezia zen. Lan asko egiten genuen: langileak, Golden dantzalekuko bezeroak… etortzen ziren. Gu ginen inguru honetan bazkariak ematen genituen bakarretakoak».
Sarreran Gorri idiaren burua zegoen. Hona Salegiren oroitzapenak: «Aitari idiak asko gustatzen zitzaizkion. 1976an primerako bikotea erosi zuen. Biak ziren onak, baina batez ere Gorri izenekoa. Hamar probetatik bederatzi irabazten zituzten. Donostiatik ekarri zituen, ospitale ondoko baserri batetik».
Gorri hil zenean, Salegik burua disekatu eta tabernan jartzea erabaki zuen. Berehala tabernako sinboloa bihurtu zen. Haurrak idi ikusgarriaren burua ikustera sartzen ziren. Baina duela 25 urte taberna erre egin zen. Eta berarekin, Gorriren burua. Adarrak ez ziren erre, ordea. Salegik Aitor Prietori eman zizkion. «Aita hil zenean, Prietok adar bat ekarri zuen tanatoriora eta nik hilkutxan sartu nuen».
Salegik ez zion beste adarragatik galdetu. Bigarren adarra aurtengo Euskal Jai egunean azaldu da. «Gernikako Plazan nengoen, gure idiekin. Nire idietako bati adar bat falta zaio eta Jokin Calvo txalapartaria horri buruz hitz egiten hasi zitzaidan. Halako batean, etxean Aitor Prietok emandako adar bat duela esan zidan. Berehala, Gorrirena izango zela pentsatu nuen», kontatu du.
Isabel tabernako semeak Gorriri buruz hitz egin zion Calvori eta hau berehala adarraren bila joan zen. «Adarra emango zidala esan zidan eta ematen bazidan asko eskertuko niola erantzun nion. Berehala etxera joan zen, adarraren bila. Sekulako ilusioa egin zidan. Istorio sinestezina da».
Salegik ondo daki zer egingo duen adarrarekin. «Gordetzeko asmoa dut, eta aukera suertatzen bada, bi adarrak elkarrekin jarriko ditut. Aitaren hezurrak ateratzen ditugunean, adarra ondo badago, bi adarrak elkarrekin gordeko ditut. Bat bidali egin nuen eta bestea etorri egin da», bukatu du Salegik.