Iñaki Azurmendik lehenengo mailako Euskal Herriko aizkora txapelketako finala jokatuko du igandean 18:00etan Donostiako Gascan. Sentipen eta gorputzaldi onarekin iritsi da finalera.

Iñaki Azurmendi, Euskal Herriko bi txapelekin (2011 eta 2013) eta aurtengo Gipuzkoako txapelarekin.
Iñaki Azurmendirekin batera, Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugerza, Aitzol Atutxa eta Ioseba Otaegi lehiatuko dira lehen mailako Euskal Herriko aizkora txapelaren bila. Hamaseigarren finala jokatuko du arriarandarrak igandean.
Finaleko sei aizkolarietan beteranoena zeu zara.
Bai, lehen gazteena izaten nintzen eta orain zaharrena. Otaegi izango da hurrengo zaharrena eta gainerakoak gazteagoak dira.
Aizkorara belaunaldi berria iritsi denaren seinale.
Bai, iritsi da bai. Orokorrean, gehienak 30 urte ingurukoak dira. Hala behar du gainera!
Zein gorputzaldirekin iritsi zara finalera?
Ondo, gustura nago. Ikusi egin behar igandean zer gertatzen den, baina printzipioz, iaz eta aurrekoetan baino gusturago.
Gipuzkoako txapela jantzita iritsi zara final nagusira.
Bai, irabazita joatea abantaila da beti. Baina sentipenen arabera egoten da asko, eta azkeneko entrenamenduetan sentipen onekin nabil. Iaz eta orain dela bi urte, entrenamenduetan justuago bezala sentitzen nintzen. Etxeko lanak ondo eginda dauzkat, igandean ikusi egin behar.
Entrenamenduak aldatu dituzu?
Bai, beste era batera egin ditut, beti aizkoran egin beharrean mendia sartuz eta pultsazioak ere gehiago kontrolatuz.
Aurten Donostian da finala.
Ez diot horri inportantzia handiegirik ematen. Ordutegia desberdina da, baina erakustaldi gehienak arratsaldeetan egiten ditugu, eta ohituta gaude.
Iaz ez zinen Euskal Herriko finalean sartu. Aurten arantza ateratzeko asmotan zoaz?
Lau segundogatik kanpoan gelditu nintzen, egurrarekin ez nuen zorte handirik izan eta. Hamaseigarren finala izango da aurtengoa. Bi txapel ditut irabazita, 2011n eta 2013an.
Hirugarrena igandean etorriko al da?
Zaila da irabaztea, baina lan ona egitea da garrantzitsua.
Zein helburu jarri diozu zure buruari?
Lan ona egitea da. Lan ona eginez gero, postua berarekin etorriko da. Finalean egotea bera nahikoa da, gazteak ere sasoian daude eta gu hor egotea asko da. Azkeneko postua ez egitea ere nahiko nuke, ahal dela podiumean sartzea. Igandean podiuma lortuz gero, gustura.