Urriaren 19an, 20an eta 21ean egingo dute Ordiziarock. Dani Pozok irekiko du aurten jaialdia. Entzumen arazoak dituztenentzat egokitu dute jaialdia

Cobra taldea Ordiziarocken izango da.
Eskaintza potentearekin dator beste behin ere Ordiziarock jaialdia. 14. edizioa den honetan ere maila handiko musikari eta taldeak ekarriko ditu jaialdiak Ordiziara. Euskal Herri osoko eta atzerriko taldeak izango dira; Espainiatik, Herbehereetatik, Argentinatik eta Marokotik etorritako taldeak, hain zuzen. Hamlet, Seiurte, Cobra eta The Music Collectors izango dira aurtengo kartelburuak.
Jaialdi osoan zehar, bost gune, 13 talde, 50 musikari, nazioarteko artistak, musika estilo anitzak, egur artelan erakusketa, skate tailerra eta txapelketa, parapente erakustaldia, taldeen material salmenta eta catering zerbitzua eskainiko ditu Ordiziarrockek.
Egitarau oparoa
Musika estilo guztiei tartea emateko asmoarekin, jazzarekin irekiko du Dani Pozok Ordiziarock jaialdia, ostegunean, hilak 19, D’elikatuz zentroan, 19:30ean. Aurtengoan ere, entzumen arazoak dituztenentzat egokituta egongo da D’elikatuz zentroko kontzertua.
Ostiralean, hilak 20, skate tailerrak eta erakusketa egingo dituzte Plaza Nagusian 16:00etatik aurrera. Skatearekin jarraituz, skate bideoen emanaldia egingo dute D’elikatuzen 19:00etan hasita eta Sofa taldeak girotuko du. Iluntzean, berriz, Batzuri Punk, Thursday Pussy Dogs eta Holy Nuns taldeen kontzertuak, Gaztetxean, 22:30ean.
Egun handia larunbata izango da, hilaren 21a hain zuzen. Aukera ugari eskainiko ditu egunak; 12:00etan hasi eta 19:00ak bitarte, Txindoki skate parkean,
Skate jam sesion ekitaldia egongo da. Skate txapelketa eta JMA eta Rodeo taldeen kontzertuak egongo dira bertan.
Larunbatean baita ere, baina Plaza Nagusian, denetariko kontzertuak egongo dira 19:00etatik aurrera. Ordiziarockeko ekitaldi nagusia, 20:00etan hasiko da Beti Alai pilotalekuan. Bertan joko dute Seiurte, The Music Collectors, Hamlet, Cobra eta Olarius & Brothers Rock DJ tal-deek.Gune nagusia ere, entzumen arazoak dituzten pertso- nentzat egokituta egongo da.
Ordizian entseatzeko lokalak irekitzea zen jaialdiaren antolatzaileek hasieran jarritako helburua, baina hori lortuta (2014an), orain probaleku horietako emaitzak jendarteratzeko garaia da. Hala, herriko eta inguruko hainbat talde arituko dira, jaialdiaren filosofia horixe baita, bertako musikariei jotzeko aukera ere ematea, eta horixe gauzatzen du Ordiziarrock Ekintzak taldeak urte osoan.
Eraso sexisten protokoloa
Ordiziarockeko antolakuntza, Ordiziako Talde Morearekin elkarlanean, eraso sexista baten aurrean nola jokatu jakiteko, eraso sexisten aurkako protokoloa egin du. Urko Ruiz de Apodakaren hitzetan, «prebentzioa izango da lehenengo urratsa». Dena den, «arazoren bat sortzekotan, lan taldea prest dago egoera deserosoei aurre egiteko» gehitu du.