Gogoeta azken txanpan sartu da
Goierriko Hedabideen gogoeta prozesua azkenera iristen ari da, eta proposamenak gauzatzen hasteko garaia da orain. Larunbatean egingo da azken saioa Antion
Aurreko larunbatean Zumarragako Antioko interpretazio zentroan egindako bilerarekin eta etzi toki berean egingo denarekin, amaierara iritsiko da GOIERRIKO HITZA eta GoiBerri argitaratzen dituen Goierriko Hedabideak enpresak urriaren hasieran martxan jarritako gogoeta prozesua. Etorkizunari begira egindako proposamenak gauzatzeko garaia dator orain.
Goierriko Hedabideen inguruko gogoeta prozesua bi atal nagusitan banatuta dago. Batetik, proiektuaren bideragarritasunaz eta sustapenaz hausnartu du talde batek, larunbatean bere jarduna amaitu zuenak hain zuzen. Bestetik, kazetaritza eta gazteen arloaren inguruan ari da lanean bigarren taldea. Honek, etzi emango dio amaiera bere jardunari, Antioko interpretazio zentroan, 10:00etan hasita.
Proposamen zehatzak
Bideragarritasunaz eta sustapenaz ausnartzeko 25 bat lagun bildu ziren bigarren eta azken saioan lehena, urriaren 7an egin zen Beasaingo Igartza jauregian. Elhuyar elkarteko dinamizatzaileek gidatuta, taldetan banatuta lau gai nagusiren inguruan aritu dira eztabaidan: merkatu eta diru-iturri berriak, harpidetzak, komunitatea eta irakurleak. Gai horien inguruan lehen saioan ateratako ideia eta ondorioei forma eman diete oraingoan, eta proposamen zehatzak egin dituzte. Aro digitalera igarotzeko trantsizio-plana diseinatzea, webgunean kolektiboei irekitako atala sortzea, produktua gehiago ezagutarazteko marketing plan bat gauzatzea edo informazioan herri txikien eta handien arteko oreka zaintzea dira proposamen horietako batzuk. Horiek gauzatzeko eta erabakiak hartzen hasteko garaia dator orain.
















