Alcobendaseko Brad Linklater, ordiziarren defentsa zulatu nahian // Argazkia: Cachaphotography / Revista 22
Erronka zaila zuten ordiziarrek. Ligako sailkapenean hirugarren dagoen Sanitas Alcobendas taldearen kontrako partida zuten asteburuan, non eta Madrilen. Baina Ampo Ordiziak bere aurpegirik onena erakutsi du berriz ere, eta berdinketa lortu du. Horrelako partida estuetan, agerian gelditzen da jaurtitzaile on bat izateak duen garrantzia, eta Ampo Ordiziak asmatu egin zuen Valentin Cruz ekarrita; asteburuko partidan ere, kolpe guztietan asmatu zuen.
Partida oso parekatuta hasi zen. Etxekoak presio handia egiten ari ziren, baina baloi bat galdu eta Coert Cronjek 80 metroko korrikaldia egin eta gero entsegua lortu zuen ordiziarrentzat. Akats horrek piztu egin zituen ordea madrildarrak eta atsedenaren aurretik bi entsegu egin zituzten, nahiz eta gero ez gauzatu, markagailuan 10-7 aurretik jarriaz.
Bigarren zatian ere etxekoak izan dira zelaian nagusi, eta beste bi entsegu egin eta gauzatu ondoren, 24-10eko aldea lortu dute etxekoek. Partida erabakita zegoela zirudien, baina Julen Goiak 63. minuntuan lortutako entseguak ordiziarrak piztuarazi zituen. Hiru minuturen faltan, Mikel Aizpuruak beste entsegu bat egin zuen. Madrilgarrengandik bi puntura zeuden ordiziarrak, eta Lander Mujika ordiziarrak, beste behin ere, ez zuen hutsik egin zigor kolpean. Gertatutakoa sinetsi ezinda, etxekoek azken erasoari ekin eta aldeko zigor kolpea lortu zuten, baina Brad Linklaterrek ez zuen baloia makila artera bidaltzen asmatu. Azkenean, 24-24 berdindu zuten. Puntu garrantzitsua ordiziarrentzat, zelai zail batean.