Dendetako «hizkuntza paisaia euskalduna izatea» bermatu nahi du udalak
Horrekin batera, herriko merkataritza sustatzeko ahalegina egingo du Bareak-ekin bat eginez. Hainbat ekintza antolatu dituzte datorren astean. EAJ ere tokiko merkataritzaren alde agertu da
Eguberri garaian, dendetan eta merkealdietako kartelak euskaraz izan daitezen bermatu nahi du udalak. Honela, euskararen presentzia areagotu eta bermatzeko helburuarekin, bai Eguberri eta bai ondorengo merkealdi garaiko kartelak banatuko ditu herriko merkatarien artean. Bestalde, osagarri moduan, merkatarientzako lagungarri izan daitekeen hiztegia ere banatu du.
Horrekin batera, Bareak elkartea, herriko merkataritza sustatzeko egiten ari den kanpainarekin bat egin du Beasaingo Udalak. Gabonetako erosketak ere, herriko dendetan egitera bultzatu nahi dituzte herritarrak.
Ekintza ugari
Honela, egitarau berezia antolatu dute datorren asterako. Hilaren 26an, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte Gernika pasealekuko pilotalekuan, 11:30- etik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era; eta 20:00etan, The Upper Room gospel taldearen kontzertua izango da Igartzako jauregian. Hilaren 27an, berriz, Goazen 4.0 antzezlana eskainiko dute 17:00etan eta 19:30ean, Usurbe Antzokian. Bi egun horietan,Txu-txu trena ibiliko da herrian Loinazko San martin plaza azpitik abiatuta, 11:00etatik 13:30era eta 14:30etik 22:00etara. Hilaren 28an azkenik, Igartzako jauregian, 11:00etatik 13:00etara umeentzako tailerrak egingo dituzte 5 urtetik aurrerako haurrei zuzenduta, eta 17:30ean, Tor magoa.
EAJ, tokiko merkataritzaz
Bestalde, EAJk bidalitako prentsa oharraren arabera, «herriko saltokien inguruan hausnartzera eta Eguberrietako erosketak tokiko merkataritzan egitera gonbidatu» nahi dituzte herritarrak. Izan ere, EAJren ustetan, «horrek herriko kaleei bizia ematen dieten bertako saltokiak babesten lagunduko du, Beasainen bizi garen guztion mesedetan».
Jeltzaleen esanetan, «sarritan ez gara konturatu ere egiten zein garrantzitsuak diren saltoki, denda, jatetxe eta tabernak herrian. Beasainen, gainerako herrietan bezalaxe, giza harremanak harreman komertzial horien baitan egituratzen dira». Hala ere, «tokiko merkataritzak bezeroak behar ditu bizirauteko, Beasaingo merkatariek behar gaituzte; gu, bezeroak, baikara haien berme bakarra».
Honela, EAJk argi dauka: «Ez dugu bizitasunik gabeko herririk nahi, horregatik gai hau lehentasunezkoa da guretzat, baina guztion esku dago bertako saltokien iraupena».













