Erretiroa hartu duten Xabier Iraeta, Natxo Cid eta Julian Mujika dendariak omendu dituzte. Aranburu Oinetakoak dendak aipamen berezia jaso du 100. urteurrenean
Erretiroa hartu duten Xabier Iraeta, Natxo Cid eta Julian Mujika ere omendu dituzte.
Bareak merkatari elkarteak antolatu eta Beasaingo Udalak laguntzen duen Gabonetako erakusleiho lehiaketa Natxo belar eta dietetika dendak irabazi du, herritarren botoak horrela erabakita. Bigarren saria Kux-kux haurren arropa dendarentzat izan da eta hirugarrena Andreak arropa dendarentzat. 28 dendek hartu dute parte lehiaketan.
Bestalde, ia mila herritarrek eman dute botoa eta iritzia erakusleihorik dotoreena aukeratzeko. Parte hartu dutenen artean hiru erosketa txeke zozkatu dituzte. 100 euronako txekeak Maider Alvarez eta Mari Jose Larrarterentzat izan dira, eta 200 eurokoa Maite Sanchez Izurietarentzat.
Erretiroa hartutakoak
Ostiraleko udaletxeko batzar aretoko sari banaketa ekitaldia omenaldi ekitaldia ere bihurtu zen; erretiroa hartu duten merkatariak omendu baitzituzten bide batez. Batetik, Alzuri dendako Xabier Iraeta omendu zuten. 1941ean ireki zuen Pilar Alzurik Alzuri argazki denda. Beranduxeago bere senar Jose Morales ere bertan aritu zen lanean. 1971. urte aldera beraien alaba, Inma Morales ere bertan hasi zen lanean eta azkenik, Xabier Iraetak dendarekin lehen harremanak 1973.urtean izan zituen; 2003an, berriz, bertan buru-belarri hasi zen lanean aurten jubilatu den arte.
Bestetik, Natxo Cid, Natxo belar eta dietetika dendakoa. 1985. urtetik eskaintza eta zerbitzua handituz joan da Natxo. Nafarroa etorbideko denda txiki gelditu eta Kale Nagusira joan zen ondoren.
Eta hirugarrenik, Mujika harategiko Julian Mujikak jaso zuen omenaldia. Duela 43 urte ireki zuen harategia Julian Mujikak. Urte eta erdi beranduago Paki Agirre, bere emaztea, berarekin batera hasi zen lanean eta oraindik ere han jarraitzen du Iñaki Ormazabal harakinarekin batera. Hasieratik odolkiak egiten hasi zen eta Beasaingo Odolki Lehiaketan zein beste inguruko lehiaketa batzuetan parte hartu izan du eta zenbait sari jaso ditu. 2012an Beasaingo Odolki Lehiaketan lehen saria irabazi zuen, Gipuzkoako Txapelketa 3 aldiz irabazi du eta Tolosakoa behin.
Aranburuk, 100 urte
Beste protagonista bat ere izan zen ostiralean: aipamen berezia jaso zuen urrian 100 urte bete zituen Aranburu Oinetakoak dendak. Florentino Aranburuk eta Manuela Aiestaranek ireki zuten 1917an denda Beasaingo Kale Nagusian, eta belaunaldiz belaunaldi eutsi diote familiako negozioari. Gaur egun, Tere Aranburu biloba da arduraduna, hirugarren belaunaldia.