Tripontzia loteriaren zozketa Beasainen egin dute, eta sari nagusia Urduñan saldutako 09550 zenbakiak jasoko du
Gure Esku Dago ekimenak eta Kontseiluak Gabonen bueltan antolatu duen Tripontzia loteriaren zozketa gaur 09:30ean egin dute, Beasainen, notarioaren aurrean. 60.000 euroko sari nagusia Zuberoa serieko 09550 zenbakiarentzat da. Zenbaki beraren gainontzeko serieetako bakoitzari (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Diaspora) 6.000na euro egokitu zaizkio.
Sari mardulenaren txartela Urduñan (Bizkaia) saldua da. Ondorengo orduetan lokalizatuko ditu GEDk gainontzeko sariak nora joango diren. Sari guztiak otsailaren 17an banatuko dituzte, Urduñan bertan.
Tripontzia Urteberriko Saria aurten sortu dute, epe luzera begira sortutakoa. “Proiektuak garatzeko eredu berri bat sortzeko anbizioarekin sustatu dute Tripontzia Gure Esku Dagok eta Euskararen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Lurraldetasuna eta euskal komunitatea bere osotasunean aintzat hartzen duen formatu honetako lehen zozketa da”, azaldu dute antolatzaileek.
Azken hilabeteetan, Euskal Herri osoan saldu dituzte txartelak, bakoitza 5 euroan. Bi erakunde horiek finantzatzeko erabiliko da bildutako dirua, “erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak eta Euskal Herrian euskararen normalizazioa bideratu eta bizkortzeko egitasmoak laguntzeko”.