Teilatua eta argiteria berritu dituzte, besteak beste. Bi lokal egin dituzte. Aurrekontua 125.000 eurokoa da eta diruaren erdia aldundiak jarri du
Zegamako Udalak Toki Alai pilotalekua berritu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aurrekontua 125.000 eurokoa izan da eta aldundiak diruaren erdia jarri du, gutxi gorabehera.
Berrikuntza lanen ondoren, pilotalekuan askoz ere argitasun handiagoa dago. Izan ere, dagoeneko oso zikinak zeuden teilatuko pieza gardenak aldatu dituzte. Bestalde, argiteria berritu dute. Led argiak jarri dituzte.
Horretaz gain, ia pilotaleku osoa margotu dute: kantxa, harmaila, sarrera… Zorua ere berritu dute: zulotxoak estali dituzte eta ondoren leundu egin dute. Gainera, segurtasuna hobetu dute: harmailan hesi berriak jarri dituzte erorketak saihesteko eta ate berriak jarri dituzte.
Horretaz gain, bi lokal berri egin dituzte (pilota elkartearentzat bulego bat eta biltegi bat) eta seinalitika aldatu dute.
Alkatearen iritzia
Joseba Izagirre alkatea gustura ageri da. «Gurea bezalako herri txikietan pilotalekuak oso garrantzitsuak dira. Izan ere, ekitaldi askotarako erabiltzen ditugu: festak, bazkariak, feriak… Dena den, bazkariak eta afariak pilotalekutik ateratzen saiatu behar gara. Ahal den heinean, kirolerako erabili nahi dugu».