Beñat Katarainek eta Veronica Dominguezek irabazi dute Garingo mendi lasterketa
Goierriko urteko lehenengo lasterketa jokatu da gaur Garinen, San Sebastian festen barruan. 265 korrikalari abiatu dira 11 kilometroko ibilbidea osatzeko asmotan eta 224 lagunek lortu dute helburua.
Lehenengo metrotik lasterketa buruan izan da Beñat Katarain zegamarra izan eta bera izan da helmugan sartzen lehena, 53:43ko denbora osatuz. Bigarrena, Martin Diez segurarra izan da, bi minutura (55:43) eta Oñatiko Xabi Lete ia hiru minutura (56:32).
Emakumezkoetan, Veronica Dominguez gasteiztarra izan da helmugan sartzen lehena, 1:09:22 denbora osatuz. Bigarrena, Elgoibarko Maddi Mujika (1:10:55) eta hirugarrena Andoaingo Vanesa Pelaez (1.12:15) izan dira. Lehenengo emakumezko goierritarra, Itziar Andueza beasaindarra izan da (1.13:55).
Goierri Kopa Trail
III. Goierri Kopa Traileko lehenengo proba puntuagarria izan da Garingoa eta lasterketa motzeko liderrak Beñat Katarain eta Itziar Andueza dira. Otsailaren 25ean, bigarren proba jokatuko da Urretxun eta Zumarragan.