Iker Azkarate: «Lasterketetan ondo ibilita, salto bat gora egin dezakegu»
Euskadi Fundazioaren maillotarekin arituko da aurten lazkaotarra. Birus bat tarteko, atzeratu egin beharko du egutegia, baina World Tourreko txirrindulariekin errepidean izateko aukera izango du.Aldaketa asko aurten, taldetik hasita. Caja Rural taldean...
Aldaketa asko aurten, taldetik hasita. Caja Rural taldean egotetik, Euskadi Fundazioko txirrindularia izatera pasako zarelako.
Bai, beno oraindik ez dakit zein izango diren aldaketa guztiak baina pentsatzen dut aldaketa handiak izango direla.
Horietako bat mailaz igotzea izango da gainera. Baina hor lehiatuta gaude eta guk bezala bi esku eta bi hanka dituzte. Uste dut kosta egingo zaigula maila berrira moldatzea, baina ea lehenbailehen ikasten dugun.
Gaztetatik txirrindularitzan arituta, aspalditik esperotako albiste bat izango da ezta?
Horren zain zaude, baina nire kasuan kostatu egin zaio iristea. Hala ere, pasa den denboraldia amaitu aurretik banekien zerbait, eta alde horretatik lasai nengoen. Ez naiz zehazki gogoratzen data zein zen, baina Euskaldun Torneoko pare bat lasterketaren faltan baieztatu zidaten Euskadi Fundazioan izateko aukera nuela.
Ez da azken urteko emaitzen ondorio izan soilik orduan?
Hori da, nik uste dut afizionatuetan pilatutako urte guztien emaitza dela orain eskaini didaten aukera hau. Guztia izango dutela kontuan pentsatzen dut, posible da gehienbat azken denboraldia eta bertako emaitzak buruan izatea noski, baina denbora tarte horretako hobekuntza begiratzen dutela esango nuke. Ez da urte bakarreko lanaren fruitua.
Orain maila aldaketa datorkizue, baina stagiaire bezala aritu zinen Caja Rural taldearekin iaz.
Hala da, lasterketa bakarrean ateratzeko aukera izan nuen Londresen eta ez zen oso ondo joan. Erretiratu egin behar izan nintzen, ez bainengoen punturik onenean. Baina ez dago aitzakiarik, abiadura bizian zihoazen. Ondoren Belgika aldean ere izan ginen, bertan hobe moldatu nintzen eta egia esan esperientzia polita izan zen.
Hori ikusita, Caja Ruralen jarraitzeko aukerarik ez al zenuen izan?
Ez, denboraldia amaitu baina dezente lehenago adierazi zidaten ez zidatela aukera hori emango. Beste pare bat aukera aurkitu zizkidaten orduan, eta niri Euskadi Fundazioarena iruditu zitzaidan politena eta egokiena.
Behin Euskadi Fundazioan, aipaturiko maila aldaketarako prestaketa zehatza al duzue?
Bai, hemen hasieratik dakigu zein izango den gure egutegia eta zein lasterketetan hartuko dugun parte bakoitzak. Ez da iaz bezala. Astebururo zaintzen eta adi ibili behar baikenuen, handik hona eta hemendik hara mugitzen. Alde horretatik lasaiago hartuko dugu denboraldia.
Lan egiteko metodoa ere desberdina izango da. Talde aldaketarekin batera inguratzen zaituen jendea ere desberdina delako.
Gehien aldatu den gauzetako bat gertutasuna dela azpimarratuko nuke. Azken finean norbait gainean dugu orain uneoro. Nire kasuan Jorge Azantza zuzendaria da horietako bat. Ez gara txirrindulari asko, eta tentuz zaintzen du egiten dugun oro.
Orain berriz, zure egutegia moldatu beharrean zaudete ezta? Zitomegalobirusa dela eta.
Hasiera batean Mallorkako Itzulian, Andaluziakoan, Valentziakoan eta Almerian hartu behar nuen parte, baina orain guztia atzeratuko da apur bat. Apiril alderako, lasterketetan izatea espero dut.
Ni gero eta okerrago sentitzen nintzen, bizikleta gainean hobetu ordez okerrera egiten nuen. Eta ez bizikleta gainean soilik, bizitza normala egiteko ere nekatuta nenbilen etxean. Analitikek birusa nuela baieztatu eta gelditu beharrean aurkitu nintzen. Pare bat aste geldirik egon ondoren hobe aurkitzen naiz, datorren astetik aurrera txirrindu gainera igotzeko asmoa dut.
Talde berria izanda ere, ezagun asko dituzu inguruan, Euskal Herriko txirrindulari asko bildu zaretelako. Proiektu politari eman dio jarraipena Mikel Landak.
Noski, ni prozesu horretatik guztitik kanpo nago, tartean txirrindularitzaz kanpoko gai asko lantzen direlako, baina hala da. Niri Mikelek berak deitu zidan eta orain artekoan nirekin primeran portatu dira guztiak. Egia esan gainera, aipagarria da nirekin izaten ari den jarrera. Birus hau bera izan zuen Landak, eta astero deitzen dit bilakaera nola doan galdetzeko.
Martxan jartzearekin batera, zein helburu zehaztu dituzue Euskadi Fundazioan? Zer eskatu dizuete txirrindulariei?
Nire kasuan, egutegia finkatu arren, nik lehenbailehen errekuperatzea besterik ez dut buruan. Ahal den bizkorren eta sasoi betean itzuli nahi dut. Jorge Azantza zuzendariarekin hitz egin dudanetan hori aipatzen genuen, erdipurdi itzuli baino hobe dela lasaiago hartzea. Ondoren nahikoa sufrituko dugu eta hortik ere ikasiko dugulako.
Helburu orokorrei dagokienez, aurrez aipaturiko lasterketa horiek oso garrantzitsuak dira taldearentzat, World Tourreko taldeekin lehiatzen dugulako pelotoiean. Coppi e Bartali lasterketa ere egutegian dugu, baina orokorrean maila horietako lasterketetan ondo ibiliz gero ez dugu inongo eragozpenik beste salto txiki bat gora egiteko.













