Santa eskea egiten ari dira Goierriko hainbat herritan
Goizetik hasi eta iluntzera arte, etxez etxe eta baserriz baserri eskean ari dira Seguran, Zerainen eta Gabirian. Gainerako herririk gehienetan, eguerdian edo iluntzean hasiko dute eskea
Santa Ageda bezperako eskea egiten ari dira Goierriko herririk gehienetan. Talde ugari atera dira aurten ere, makilak astinduz eskea egitera. Herri gehienetan eguerdi edo iluntzean abiatuko dira, baina Seguran, Gabirian eta Zerainen esaterako, egun osoan zehar dabiltza kantari.
Seguran, Elorripetik ekin diote eskeari, goizeko 9.30ean, bertsolarien eta trikitilarien laguntzaz. Eguerdiko ordubatean plazan elkartu dira abesbatzarekin, eta guztiek batera hamaiketakoa egin ondoren herria girotzen aritu dira. 14.30ean, Elorri elkartean bazkaria egin dute.