Goñiren oroimenezko pilota txapelketa asteazkenean hasiko da
Partida guztiak asteazkenetan izango dira, 18:30ean, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Finala martxoaren 28an izango da. Afizionatu mailako pilotari onenek jokatuko duteDatorren asteazkenean Xabier Goñiren oroimenezko 27. pilota txapelketa hasiko da. T...
Partida guztiak asteazkenetan izango dira, 18:30ean, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Finala martxoaren 28an izango da. Afizionatu mailako pilotari onenek jokatuko dute
Datorren asteazkenean Xabier Goñiren oroimenezko 27. pilota txapelketa hasiko da. Txapelketa hau afizionatu mailako garrantzitsuenetakoa da. Partidak asteazkenetan jokatuko dira, 18:30ean, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Finala martxoaren 28an izango da eta ETBk emango du.Promesa mailako pilotariek lau t’erdiko txapelketa jokatuko dute eta senior mailakoek, berriz, binakakoa. Datorren asteazkenean Agirreamalloak Ruiz de Larramendiren aurka jokatuko du eta Zubizarreta ataundarra eta Sarasa, E. Labaka eta Zezeagaren aurka lehiatuko dira.
Hilaren 21ean, U. Alberdi Osaren aurka arituko da eta ondoren Salaberria eta Mariezkurrena II-k Santxo eta Arangurenen aurka jokatuko dute. Hilaren 28an, Karregal Lerenaren aurka arituko da eta Alberdi eta Mariezkurrena I, Prado eta Arratibelen aurka.
Final laurdenetako azken kanporaketa martxoaren 7an jokatuko da. Egigurenek J. Alberdiren aurka jokatuko du eta P. Labaka eta Olaizola, Urbieta eta Garmendiaren aurka arituko dira. Final laurdenetako partidak hasi aurretik Beloki pilota eskolako haurren erakustaldiak egongo dira.
Finalerdiak martxoaren 14an eta 21ean jokatuko dira. Datorren asteazkeneko partidak irabazten dituzten pilotariek hilaren 21eko garaileekin neurtuko dituzte indarrak. Otsailaren 28ko irabazleek berriz, martxoaren 7ko irabazleen aurka jokatuko dute. Finalerdien eta finalaren aurretik pilota txapelketa herrikoiko finalerdiak eta finala jokatuko dira.
Orain arte Beloki pilota elkarteko kideek antolatzen zuten txapelketa hau. Aurten Iñigo Vianaren Kirolzale enpresak antolatu du. Viana Beloki pilota elkarteko zuzendaritzako kidea zen eta Kirolzale sortu du, elkarteetan boluntario falta dagoela eta. Kirolzale enpresak kirol ekitaldiak antolatzen ditu elkarteentzat.
Beloki elkartearentzat pilota txapelketa herrikoia eta Goñiren oroimenezkoa antolatu ditu. Azken hau asteartean aurkeztu zuten, Vianak berak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak.
Serranok Goñiren oroimenezkoan afizionatu mailako pilotari onenek parte hartzen dutela esan zuen. «Pilotari asko profesional mailara pasa dira txapelketa hau jokatu ondoren: Abel Barriola, Aimar Olaizola, Juan Martinez de Irujo, Andoni Aretxabaleta, Joseba Ezkurdia… 2014ko finala Altuna, Urruzola, Artola eta Erostarbek jokatu zuten».
Goñi zenari buruz ere hitz egin zuen. «Berarekin une ahaztezinak igarotzeko zortea izan genuen. Profesional mailara heldu zen eta lehen mailako partidak jokatu zituen. Gainera, Beloki elkartean lan egin zuen. 1990ean hil zen eta 1991an omenaldi bat egin zitzaion Ederrena pilotalekuan. Beloki pilotalekua eraiki gabe zegoen oraindik. 1992tik gaurdaino bere oroimenezko pilota txapelketa jokatu da Beloki pilotalekuan».
Vianak urtero afizionatu mailako pilotari onenak ekartzen saiatzen direla aipatu zuen. Hala, asteazkenetik aurrera Zumarragan jokatuko duten askok garaipen garrantzitsuak lortu dituzte dagoeneko.
Aurtengo parte hartzaileak
Zubizarreta ataundarrak promesa mailako DV txapelketa irabazi zuen 2015ean, Sarasak Euskadiko Federazioaren Elite txapelketa irabazi zuen ekainean, Labakak iazako DV txapelketa irabazi zuen, J. Alberdi azpeitiarrak Gipuzkoako eta Euskal Herriko herriartekoak irabazi ditu, Santxo Garferekin profesional mailan aritu da, Arangurenek Goñi txapelketa irabazi zuen iaz promesa mailan, Labakak Euskal Herriko kluben arteko txapelketako finala jokatuko du asteburu honetan, Olaizolak Goñiren oroimenezkoa irabazi zuen promesa mailan…
Serranok eta Vianak pilotazaleak Beloki frontoia betetzera eta partidez gozatzera gonbidatu zituzten.













