Irekita daude Ordizia eta Urretxu-Zumarragako stock azokak
Atzotik abian dira Stock Azokak Ordiziako Plaza Nagusian eta Urretxuko Ederrena pilotalekuan, Ordizian eta Bitartean merkatarien elkarteek antolatuta. Bertara gerturatzen direnek, kalitatea prezio eskuragarrian izango dute. Erosketaren bat edo beste egin nahi dutenentzat aukera paregabea da merkatarien ekimen hau.
Ordiziako azokak bi ekintza txertatuko ditu; stock azoka Plaza Nagusian, eta kale azoka herriko kaleetan, produktuak saltokien aurrealdean aurkeztuta. Edizio honetan 25 saltokik parte hartuko dute: 15 Ordiziakoak eta gainerakoak, beste herri batzuetakoak. Plaza Nagusiko gunean 16 saltoki izango dira, eta kale azokan parte hartuko duten herrigune historikoko 9 saltokiak denden aurrealdean egongo dira. Ordutegia ondorengoa izango da Ordizian: stock azoka, 14:00ak arte irekita egongo da goizean. Arratsaldean berriz, 17:00etatik 20:00etara egongo da irekita; kale azoka, goizean 13:00a arte egongo da irekita eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldean.
Urretxuko eta Zumarragako merkatarien stock azokan 18 saltoki ari dira parte hartzen. Gerturatzeko asmoa dutenentzat, ordutegia ondorengoa izango da: gaur, goizez, 14:00ak arte eta arratsaldez, 17:00etatik 20:30era. Bihar ere, igandea, irekita egongo da 11:00etatik 14:00etara, hain zuzen ere.