Emakumezkoen eta gizonezkoen aukera, eskubide eta duintasun berdinak errespetatzen direla exijitzeko mugimendua herri txikietan ere erne da. Agirin taldea sortu dute Gabirian neskek.
Emakumeen lehenengo greba orokorra baino hondo sakonagoa utzi du Martxoaren 8aren bueltan berdintasunaren aldeko aldarriak. Urtearen gainontzeko egunetan ere jarduteko, eta bereziki azpirakuntza-jarrera matxistak ugaritu litezkeen festa-egunekin pentsatuz, Gabiriako neskek berdintasun taldea sortu dute, Agirin izenekoa.
Bi lagun talderen kezkatik irten da ekimena. Urte bukaeran hasi ziren elkartzen, indarkeria matxista kasuen edo gutxiespen egoeren aurrean herria biluzik zegoela ohartuta. «Edozer gauza pasatuko balitz jendeak ez luke jakingo nora jo; ez dago protokolorik, ez udalean berdintasun planik. Horregatik sortu dugu taldea, indarkeria matxisten aurrean nola jokatu eta zer egin jakiteko», dio Leire Murua kideak.
Oraingoz, 10-12 neska batu dira. Haiek osatu dute Agirin taldea, baina herritar guztiengana zabaltzeko bideak ere jarri dituzte. «Herri txikia garenez, bilera irekiak egitea ere egoki ikusi dugu. Guk osatuko dugu taldearen muina, eta ekimenetarako deialdia zabalduko dugu gero». Hala, martxoaren 25ean dute euren arteko hurrengo bilera, eta apirilaren 20an (19:00) irekia.
Formazioa lehentasun
Larunbatean eta igandean asteburu morea ospatu dute, film emanaldi, solasaldi eta triki-poteo batekin. Bilgune Feministarekin beste hitzaldi bat ere eginak dira.
Formakuntza da orain helburua, hitzaldi bidez. Festa egunetarako protokolo bat ere finkatu nahi dute, indarkeria egoerak saihesteko, edo aurre egiteko.