Ordizian aparkalekua egiteko proposamenak eztabaida handia sortu du Udal Gobernu taldearen eta oposizioaren artean. Oposizioak agerraldia egin du horren harira
Ordiziako Udal Gobernuak proposatu duen lurpeko aparkalekuak, eztabaida sortu du. Gaiarekin kezkatuta, urtarrileko udalbatzan, hainbat azalpen eskatu zizkioten oposizioko taldeek (EH Bilduk eta Ordizia Orainek) alkateari, aurretik egindako baieztapenen inguruan. Izan ere, Ordiziak, aparkalekua egiteko diru laguntza bermatua zuela esan baitzuen Jose Migel Santamariak. Horregatik, urgentziaz, otsailaren 27an, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Industriarako sailburuordearekin bilera egin zuten, zalantzak argitze aldera.
Sailburuordearekin izandako bileran, «Orozek, alkateak komunikabideen aurrean ziurtatutakoak banan-banan gezurtatu» zituela nabarmendu zuten oposizioko ordezkariek, atzo Barrenan egindako agerraldian eta bilera hark emandakoa publiko egin nahi izan dute orain, herritarrek jakin dezaten.
Baieztapenak ezeztatzen
Santamariak prentsaren aurrean adierazi moduan «aparkalekua burutzeko diru laguntza lortzeko azken aukeraren aurrean aurkitzen gara eta epea mar- txoan amaitzen da». Oposizioko ordezkariek argitutakoaren arabera, «sailburuordeak, diru laguntza deialdia urtero irteten dela baieztatzeaz gain, berarekin izandako bileran hiru bider ez aurkezteko eta beste behin urtebete daukagula» adierazi zuela azaldu zuten oposizioko ordezkariek.
Horrez gain, «Ordiziak, soilik proiektua aurkeztearekin diru laguntza bermaturik» zuela baieztatu zuen Santamariak prentsaren aurrean. Orozek ordea, «diru laguntzak landa garapenerako direnez, eta Ordizia landa eremutik at kokatzen dela ikusita, landa eremuko herriekin hitzarmenak burutzea ezinbestekoa dela esan zuen», oposizioak argitu zuenez. Horrez gain, «aparkalekua proiektu oso eta orokor baten zati bat dela eta proiektu hori ondo landua, koherentea eta sendoa ez bada, diru laguntza lortzea ezinezkoa izango dela adierazi zuen Orozek», oposizioak azaldu moduan.
Alkateak prentsaren aurrean egindako beste baieztapenetako bat, diru laguntza Europatik etorriko dela izan zen. Sailburuordearekin egindako bileran ordea, hori ere ezeztatu zuen Orozek: «Eusko Jaurlaritzaren funts propioetatik, Erein programaren baitan kokatzen dela esan zuen».
Santamariak egindako beste baieztapenetako bat «laguntzak soilik proiektu honentzat» direla izan zen. Orozek ordea, «landa eremutik at egonda, Erein programaren oinarrietan enkaje konplexua duen bitxikeria dela esan zuen», oposizioak nabarmendu moduan.
Aparkalekuaren kokapenak ere sortu du zer esana, izan ere alkateak «Barrena parkean eraikitzeko proposamena» aipatu zuen. Kasu honetan, «mugikortasun planean bost kokapen» agertzen direla zehaztu du oposizioak. «Barrenakoa horietako bat bada ere, beste leku batzuk lehenesten» direla gehitu zuten.
Hau guztia horrela izanik, EH Bildu eta Ordizia Oraineko ordezkariak «prest» agertu dira «Ordiziarentzat estrategikoa den proiketu hau lantzeko».