Bihar jokatuko da V. Goierriko Rallyesprinta, sasoiko bigarrena. Lasterketa-norantza aldatu eta zati batzuk gehitu dizkiote ibilbideari, konplexuago bihurtuz. 70 talde daude izena emanda
Bi asteren buruan, euskal automobilismo denboraldiak Goierrin izango du bigarren proba ere: V. Goierriko Rallyesprinta bihar arratsaldean jokatuko da Gaintza, Zaldibia eta Lazkaon barrena. Helburu solidarioa izango du aurten ere, eta bigarren urtez Aspanogi elkarteari emango dio diru-etekin osoa Ikullu Racing talde antolatzaileak. Keinua eskertu die Bittor Andonegi Aspanogiko ordezkariak.
Aldaketa nabarmenak egin dizkiote ibilbideari. Lasterketaren noranzkoa alderantzikatu dute, eta autoak Gaintzako igoeratik abiatuko dira aurten, Lazkaon bukatzeko. Gaintzan gora, Aranbururako bidera sartuko dira, kaskora handik igotzeko. Larraizko bidegurutzera irten, Zaldibiara jaitsi, eta Olaldetik Mirandako aldapa pikoa igo egingo dute aurten, ez jaitsi.
Lazkaomendin, Ixurrenen dute bigarren trazatu aldaketa: Maizgoena baserrirako pistatik sartu, Gurutzetxeberri eta Atxubietaraino igo, eta Lartxai elkartera irtengo dira. Beherantz, Lazkaoko hilerri parean bukatuko da. «Bide berriak aurkitzea da rallyesprinten xarmetako bat, gidariei lana zailtzeko eta ikusleentzat politago izateko», arrazoitu du norantza eta trazatu aldaketa Ibai Agirre antolatzaileak.
Ibilbidea zailduta
Denera 16,6 kilometro luze da erlojupeko bakoitzeko zatia, aurreko urteetan baino 700 metro gehiago. 200 boluntario ariko dira lanean. Hiru erlojupeko egingo dituzte partaideek. 70 talde daude izena emanda. Lazkaoko plazan egingo dizkiete egiaztapenak goizean. Auto klasikoen erakusketa ere egongo da, eta gaur arratsaldean motor asteburua girotzeko ekitaldiak ere bai: puzgarriak, taloak, taberna eta txaranga.
«Txapelketa guztiko ibilbide zailena da», aitortu du Gipuzkoako Automobilismo Federazioko lehendakari Iñigo Cuestak. Segurtasun neurriak betetzeko eta komisarioei kasu egiteko eskatu du Euskadiko federazioko buru Angel Gurrutxagak: «Debekatutako tokietan ez jarri, zinta gorriak errespetatu. Ikusteko, leku altuak bilatu, eta karrera martxan dela ez irten bidera».
Goierri V. Rallyesprinta
· Eguna. Bihar, martxoak 17.
· Herriak. Lazkao, Zaldibia, Gaintza eta Abaltzisketa.
· Ordutegia. 13:00, Lazkaoko plazatik parke itxira (CAFeko aparkalekua). 14:00, lehen partaidearen irteera. 19:45, bukaera. 20:30, sari banaketa.
· Partaideak. 70 auto.
Ibilbidea
· Luzera. 16,6 km.
· Irteera. Gaintzarako errepi-dean (Gi-3371).
· Helmuga. Lazkao, hilerri parea.
· Aldaketak. Gaintzako igoera, Aranbururako baserri bidera desbideratuko dira, handik gora kaskora ailegatzeko. Lazkaomendin, Ixurreneko zuzengune bukaeran Maizgoena-Gurutzetxeberri-Atxubieta (Atxutxe)-Lartxai elkartea baserri bidetik.