Mahai inguruak, hausnarketak, lan ildoak, manifestazioa eta kontzertuak gaztetxeen zein gazte asanbladen topaketan
Beasaingo Gaztetxearen kanpoko zelaian kanpin-dendak daude zeren han egiten ari baitira Gipuzkoako gaztetxeen eta gazte asanbladen topaketa. Zenbat lagun bildu diren ez dakite seguru, baina atzo gaueko afarian 150 ogitarteko banatu zituzten. Gipuzkoa osotik iritsitako gazteei kanpalekua erakutsi, komunak ere eta prezio librearen dinamikaren berri eman zieten, “prezio zehatzik ez diogu jarri ezeri, baina ezer ez dela doan azaldu genien”, dio Iker Ugartemendia Beasaingo Gaztetxeko kideak.
Atzo mahai inguru bat egin zuten. Euskal Herri kanpoko ere esperientziak zein testigantzak jaso zituzten. Hain justu, Nanteseko (Frantzia) aireportuaren kontrako borrokaren berri eman zieten handik iritsitako gazteek, Bilbo ezkerraldean Tosuko aparkalekuaren kontra egiten ari diren borrokaz aritu ziren beste gazte batzuk, Arrigorriagako (Bizkaia) kiroldegi okupatu bat eta Iruñeako Maravillas gunea ere hartu zituzten hizpide. Euskal Herriko nahiz mugaz beste aldeko borroka molde ezberdinak islatu zituzten.
Gaurkoan hainbat lan ildo zehaztu dituzte goizean eta haiek landu ere: generoa, kontrakultura, etxebizitza, komunikazioa, langile sarea eta ekoizpen bitartekoak. Arratsaldean manifestazioa egingo dute Julen gazte beasaindarraren eta Altsasuko gazteen auziak salatzeko. Izan ere, asteburua Mozal Legearen kontrako asteburua dela zehaztu du Ugartemendiak. Gauean kontzertuak eta bihar garbiketa lanak egingo dituzte.
Oro har, gaztetxeak aisialdi guneak izateaz gain gune politiko gisa birplanteatzeko bidean egindako gogoetak biltzen ari dira Beasaingo Gaztetxean. Horretarako “borroka, hausnarketa, elkartasuna eta elkarrekin aritzea ezinbestekoak” direla gehitu du Ugartemendiak.