Gaurkoan euskal gazteen topaketa, taloak, dantzaldia eta mendi irteera egin dituzte; bihar azken eguna da
Bihar amaituko da aurtengo Iparra-Hegoa ekimena Seguran. Gaurkoan Euskal Herriko gazteen topaketa egin dute eta eguerdiko bazkarira 150 bat gazte bildu dira, tartean Iparraldetik, Bizkaitik zein Kataluniatik etorritako gazteak ere egon dira. Pozik agertu da aurtengoarekin Xabier Albisu antolaketa taldeko kidea, “zer hobetua badugu, baina orokorrean gustura gaude aurtengo Iparra-Hegoarekin”. Azpimarra egin dio, besteak beste, astean zehar belaunaldi ezberdinek landu dituzten gaiei: kontzientzia sozio-politikoa, arazo sozialak eta gazteen topaguneak. Nabarmendu du, baita ere, Iparraldeko eta Segurako eskola umeak elkarrekin harremanean jarri izana. Eta, ostegun iluntzeko bertso, poteo, kantu afariarekin oso pozik agertu da, “300 lagun elkartu ginen ia eta itzela izan zen”.