Bertso afaria gaur eta ekitaldia igandean, Lazkaon
Lazkao Txikiren heriotzaren 25. urteurrenean, Gerriko kultur elkarteak antolatutako egitarauan gaur izango da bigarren gozagarria. Bertso-afaria egingo dute Lazkaomendiko Lartxai elkartean, Jon Maia eta Unai Iturriaga bertsolariekin.
Afaltzen 20:30ean hasiko dira. Txorizo egosia, bakailaoa, txekor saiheskia eta gazta tarta prestatuko dituzte, menuan. Txartela aurrez erosi behar zen. Afal ondorengo saioa entzutera joan nahi dutenek, sarrera libre izango dute.
Lazkao Txiki gogoan
Igandean, bestetik, ‘Lazkao Txiki gogoan’ oroimen eta omen ekitaldia egingo dute, Lazkaon. Urteroko ospakizuna da, hil zenez geroztik. Aurten, bertsolarien parte hartze handiagoarekin hornituko dute. Igandean 12:30ean hasiko da, Lazkao Txiki Zelaian, bertsolariaren eskulturaren aurrean.
Garai askotako bertsolari goierritarrak elkartuko dira, bi saio egiteko. Helduen multzoan, Mikel Mendizabal, Iñaki Murua, Millan Telleria, Jexux Mari Jauregi ‘Altzo Txiki’, Aitor Sarriegi, Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin izango dira.
Labealdi berriagoen ordezkariek ere kantatuko dute: Endika Igartzabal, Gorka Maiz, Eneko Araiztegi, Aratz Igartzabal eta Mikel Tapiak.
Lazkao Txiki Musika Eskolako ikasleek ere parte hartuko dute. Haurren koruak (35 abeslari), ispiluari botatako ber-tsoak kantatuko ditu. Oin-Arin taldeak erromeria giroko saioa egingo du.