Ampo Ordiziako jokalariak, Hernaniren kontrako derbia eta kopa irabazita // Argazkia: Ainhoa Muriel
Ampo Ordiziak Hernaniren kontrako derbia eta Gipuzkoako Kopa, biak irabazi zituen atzo, Donostian jokatutako neurketan. Uholdeak direla eta, Hernaniko Landare zelaia ez zegoen jokatzeko moduan, eta Anoetako zelai txikira aldatu zuten partida. Bi taldeetako zale ugari gerturatu zen, eta giro ederra sortu zen.
Neurketa oso parekatuta hasi zen. Iñaki Puyadenak zabaldu zuen markagailua, 10. minutuan egindako entseguarekin; Valentin Cruzek gauzatu zuen kolpea. Handik hiru minutura ordea, hernaniarren erantzuna etorri zen, markagailua berdinduz. 18. minutuan, Iruarriz izan zen ordiziarren bigarren entsegua lortu zuena. Cruzen kolpeari esker, 5-12 aurreratu ziren.
Bigarren zatian, Ampok presioa mantentzen jakin zuen, eta baita pixkanaka gora egiten ere. Unai Lasak eta Beñat Erbinak entsegu bana egin zuten, eta markagailuan 5-24 aurrea hartu zuten ordiziarrek. Baina Hernanik ez zuen etsi nahi, eta 67. minutuan entsegua lortu zuten (12-24). Bueltan ordea, partida errematatzea lortu zuen Ordiziak: Valentin Cruzek kolpe bat gauzatu zuen, 15 puntuko aldea jarrita. Azken minutuetan, Asier Kortak eta Eneko Salinasek entsegu bana lortu zuten; bietan ere Cruzek kolpearekin asmatu zuen, eta 12-39ko azken emaitza jarri zuten markagailuan.
Garaipena “oso landua” izan dela azaldu du klubak: “Ez da inondik ere partida erraza izan, Hernanik dena eman baitu”. Azkenean ordea, partida eta jokoan zeuden bost puntuak (erasoko bonusa barne) nahiz Gipuzkoako Kopa, Ordiziarentzat izan dira.
Kopa tituluaz gain, play off postuetako borrokan ere badabil Ampo Ordizia, eta azken garaipen horri esker, 5. postua ziurtatu eta 4.a lortzeko bidean ere jarri da; horretarako ordea, Santander du aurkari zuzena. Laugarren gelditzeak, final laurdenetako partida Altamiran jokatzeko aukera emango lioke Ordiziari.
· ARGAZKI GALERIA:
Egilea:
Carlos Mediavilla