Sarriegiri egindako omenaldiarekin bukatu da finalisten saioa Ordizian
Ordiziako Majori Kiroldegia goraino beteta zela hasi zen Txapelketa Nagusiko zortzi finalisten bertso saioa. Bi orduz aritu ziren kantuan, Mikel Urteaga gai jartzaileak gidatuta. Jakintza Ikastolaren alde antolatutako jaialdia zen, eta agurretan, ikastola eta Lazkao Txiki izan zituzten gogoan.
Saioaren bukaeran iritsi zen unerik hunkigarriena. Izan ere, omenaldia egin zioten Aitor Sarriegi bertsolari beasaindarrari. Sarriegi hiru aldiz izan da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista (2209, 2013 eta 2017), eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen 2011n. Txapelketak utziko dituela iragarri du, eta horregatik egin nahi izan diote aitortza. Goierriko Bertso Eskola eta Goierriko Bertsozale elkarteko Ainhoa Mujika, German Urteaga eta Maddi Aiestaran igo ziren oholtzara. Piolet bat oparitu zituen, eta Urteagak eta Aiestaranek bertso bana eskaini zioten. Azken bertsoa Sarriegik berak bota zuen, hunkituta eta esker onez.