Kuadrillek kolorez bete dute jaia
Zerura begira baina festari ukorik egin gabe pasa dute lazkaotarrek jaien bigarren asteburua. Kuadrillen Egunaren ondotik, gaur agurtuko dituzte herriko festakUdaberriko aurreneko festak dira Lazkaokoak, eta eguraldia ere, garaiari dagokiona izaten da....
Zerura begira baina festari ukorik egin gabe pasa dute lazkaotarrek jaien bigarren asteburua. Kuadrillen Egunaren ondotik, gaur agurtuko dituzte herriko festak
Udaberriko aurreneko festak dira Lazkaokoak, eta eguraldia ere, garaiari dagokiona izaten da. Aurreneko asteburuan sekulako giroa egin bazuen, bigarrenean euriak egin du bisita; San Prudentzio, santu pixontzia dela dionik ere bada eta. Kuadrillen Eguna ere bide beretik joan da. Eguerdi parteko atergunea aprobetxatuta, blusa koloretsuz bete zituzten lazkaotarrek herriko kaleak. Atzoko parranda egunaren ondoren, gaur bukatuko dituzte festak Lazkaon. Eguerdian 30. Bakailo Lehiaketa egingo dute, eta segidan Urrezko Aizkorako saioa izango da plazan. Egitarauan ageri ez bada ere, toka txapelketa ere egingo dute gaur, 16:00etan hasita. Iluntzean, Dantza Sueltoko Txapelketa eta mariatxien saioa izango dituzte.Pilota eta kros mistoa
Festen bigarren asteburuan, kirol ekitaldi ugari izan dira. Ostiral arratsaldean, Lazkaoko 7. Esku Pilota Txapelketa herrikoiaren finalak jokatu zituzten. Aurrenekoan, Haritz Otaegik eta Unai Garmendiak 22-12 irabazi zieten Ioritz eta Heber Garmendiari. Bigarren finalean, Pako Garmendia eta Axier Alonso osaba-ilobak izan ziren irabazleak, Mikel Insaustiri eta Xabi Dorronsorori 22-16 irabazita.
Gauean, berriz, Bikotekako Kros Mistoa jokatu zuten. Aurten 67 bikotek parte hartu dute, eta Txindoki taldeko Izaro Rubio eta Unax Garcia ama-semeak izan dira garaile. Bigarren, Izaskun Beunza eta Michel Ventureira izan dira, eta podiuma, Maite Arraiza eta Cesar Fernandez lazkaotarrek osatu dute.
Play backa
Igande arratsaldean, umeen play back saioa egin zuten, sari eta guzti. Euskarazko kantuarena, Zirkorrika taldeak irabazi zuen, Korrikaren abestiarekin. Sariketa orokorrean, berriz, Jai Alai taldeak lortu zuen lehen saria; 2008ko Martxosoek bigarrena eta Zonbiek hirugarrena.













