500 katilu, elkartasunaren isla
Amaiera eman diote Hotz Legazpikoek 'Katilu Solidarioak' kanpainari. «Hilabete hunkigarria» izan dela diote, izan ere, pentsatu baino 200 katilu gehiago eskatu behar izan dituzte.
Katilu ederrak dira inondik ere. Buztinaren berezko xarmaz gain, Siriako haur errefuxiatuek eskuz margotutako marrazkiak dituzte. Haiek margoak egin ondoren, kasik eskuz esku bidea egin dute katilu bihurtu, eta legazpiarren eskuetara iritsi arte. Hotz Legazpikoek 300 katilu eskatu zituzten eta legazpiarren harrera ikusita, beste 200 eskatu behar izan dituzte kanpainak iraun bitartean. Guztira 500 katilu, hamar euroan bakoitza, banatu dituzte Legazpiko etxeetan.
«Hilabete hunkigarria» izan dela diote. Pintxo pote egunetan mahaitxoak jarri dituzte kalean eta katiluak salgai ipini. Erosi dituztenen artean, hain zuzen taldearen Facebook hormara katiluekin argazkiak igo dituztenen artean, zozketa bat egin dute eta elastikoak banatu ere. Eta kanpaina «hunkigarria» izan dela diote, «herri bezala Legazpik gerratik ihesi doazen umeei eta helduei laguntzeko bere alea jartzea lortu duelako».
Katiluen salmentarekin bildutako dirua Atenas aldera bidaliko dute bertan errefuxiatuekin lanean ari den gobernuz kanpoko elkarteari, baita Itsas Salbamendu Humanitario taldeari ere. «Legazpik, beste behin ere, herri solidarioa dela erakutsi du», diote Hotz Legazpikoek. «Mahaietan egon garen guztioi zuen begiradak, irribarreak, konplizitateak eta laguntzeko gogoak bihotza ukitu digute eta hitzik gabe utzi ere askotan».
Esker bereziak eman nahi dizkiete Koro Gabiola, Uxue Gabiria eta kanpainan zehar lagundu dieten guztiei. Orain egindakoaz hausnartzeko bi asteko tartea hartuko dute.
Itsasondon ere kanpaina berari heltzekoak dira. Katiluek merezi dute, are gehiago barnebiltzen duten elkartasunak.












