Bertsoa eta zientzia eskutik, Ordizian
Bertsoaren eta zientziaren arteko harremana ikertzen hasi zen DIPC Donostia Internacional Physics Center etxea, duela urte batzuk. Ikerketa eta elkarlan saio horietatik, Bertsozientzia egitasmoa sortu zen. Aurten laugarren edizioa izango du, eta hiru saio egingo dituzte; horietako bat, Ordizian. DIPC institutuaz gain, EHUk, Ordizia eta Zarauzko udalek eta hainbat elkartek parte hartu dute antolaketa lanetan, tartean da Lemniskata Zientzia Sare Herrikoia ere.
Jakinduriek mundue erreko dau lemapean, hiruna zientzialari eta bina bertsolari ariko dira saio bakoitzean, hain desberdinak diren bi mundu, zientzia eta bertsolaritza elkartu eta haien arteko mugak gainditzeko. Zientzialari bakoitzak hamarna minutuko saio labur bana eskainiko du, eta segidan, zientzialari horiek aurkeztutako hipotesien gainean inprobisatu beharko dute. Anjel Alkain aktore eta umoregilea izango da saioen aurkezlea. Saio guztietan, sarrera doakoa izango da, aretoak bete arte.
Hiru saio egingo dituzte guztira. Aurrenekoa Zarautzen izango da, maiatzaren 15ean; Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegi ariko dira bertan. Hilaren 17an berriz, Bergaran izango dute hitzordua, bertsotan Andoni Egaña eta Mirem Amuriza direla. Eta hirugarren eta azken saioa, Ordizian egingo dute. Hauek izango dira bertsolariak eta hizlariak:
- Eguna: Maiatzak 25, ostirala
- Ordua: 19:00etan
- Tokia: Ordiziako Herri Antzokian
- Bertsolariak: Unai Iturriaga eta Alaia Martin
- Hizlariak: Gorka Azkune, Olatz Perez de Viñaspre eta Aitor Gastañares