![DSCN1710](http://goierri.hitza.eus/site/files/2018/05/DSCN1710.jpg)
Gaztazaleek hitzordu garrantzitsua izango dute maiatzaren 5ean eta 6an Idiazabalen, izan ere astebukaera guztian zehar Euskal Gaztaren hiriburu bilakatuko baita. Iaz izan zuen arrakasta ikusita, pasa den urtean estreinatu zen formatoari jarraituz berriro ere azoka antolatzea pentsatu du Idiazabalgo Udalak. Azoka, gaur aurkeztu dute Donostiako San Sebastian Region bulegoan. Bertan izan dira Ioritz Imaz, Idiazabalgo alkatea, Xabier Arruti, Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapenerako Zuzendari Nagusia eta Jose Mari Ustarroz, Idiazabalgo Gaztaren Jatorri Izendapeneko predidentea.
Euskal Gaztaren azoka, Pilarenean ospatuko dute. Larunbatean, 11:00etan eta igandean 10:00etan irekiko dituzte ateak eta bi egunetarako egitarau bete-betea prestatu dute. Gazta dastatu eta erosi, mami txapelketa, txalaparta tailerra, ikuskizunak eta beste hainbat gauza ere antolatu dituzte egun horietarako. Omenaldietarako tartea ere egongo da. Batetik, Arantxa Etxezarreta eta Bitoriano Urrestarazu, Idiazabalgo Olazargibel baserrikoak omenduko dituzte. Bestetik, Joseba Baez, Arimasagasti gaztandegiko ekintzaile gaztea ere omenduko dute. Baezek, esneak eragindako alergia bat dela eta gazta egiteari utzi egin behar izan dio.
Azoka eta hitzaldiak
Euskal Herri osoko artzain gaztagileak bertaratuko dira, bai iparraldekoak, baita hegoaldekoak ere, 20 guztira. Horrez gain, European Cheese Route Associationeko hainbat herritako gaztagileak ere izango dira Idiazabalen.
Gaur, hitzaldi interesgarri bat izango da, arratsaldeko 19:00etan, Idiazabalgo udaletxeko areto nagusian. European Cheese Route Association zer den eta zein helburu dituen azalduko dute bertan. Idiazabalgo Udalak sustaturiko ekimen hori Europako hainbat herrik osatutako sare bat da, gaztaren munduan erreferentzia diren herrien sarea alegia. Momentu honetan, Idiazabalgo Udalak du elkartearen lehendakaritza.
Maiatzaren 4rako, berriz, gazta dastaketa antolatu dute; iluntzean egingo da, plaza nagusian ipiniko den karpan.
Euskal Gaztaren azokako web orria
Euskal Herri mailan ekitaldi hau ezagutzera emateko erakuslehio baten beharra ikusita, web orria ere estreinatu dute.
www.euskalgaztarenazoka.eus web orrian Euskal Gaztaren Azokaren inguruko informazio guztia aurki daiteke.