Goierriko 16 herrik bat egin dute Euskaraldia egitasmoarekin
https://vimeo.com/250125604
Euskal Herri osoko 200 herrik egin dute bat Euskaraldia egitasmoarekin. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, “euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean” euskaraz hitz egitea da helburua. Horretarako, lehen hitza eta euskaraz ulertzen dutenei euskaraz egingo dieten ‘ahobiziak’ behar dituzte; baina baita euskaraz ulertzen duten ‘belarriprestak’ ere.
Euskal Herrian “euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago” dela uste dute, eta horretaz jabearaztea eta “euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea” lortu nahi dute. Baita “harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak” astintzea ere.
Azaroaren 23a iritsi bitartean, herriz herri eta hainbat enpresa eta entitatetan antolatzen ari diren batzordeetan parte har daiteke, baita herri horietako eragile eta euskaltzaleek antolatutako ekitaldietan ere.
Goierrin, 16 herrik bat egin dute Euskaraldiarekin. Hauek dira: Ataun, Arama, Beasain, Gabiria, Idiazabal, Itsaso, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Ordizia, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama eta Zumarraga.