Foru Aldundiak Gipuzkoa Argituz egitasmoa antolatu du, eraginkortasun energetikoa bultzatzeko eta herritarren zaurkotasun energetikoa prebenitzeko. Gipuzkoan zehar 40 tailer inguru emango dituzte eta horietako hamar Goierrin izango dira. Lehena, gaur
Foru Aldundiak Gipuzkoa Argituz egitasmoa antolatu du, eraginkortasun energetikoa bultzatzeko eta herritarren zaurkotasun energetikoa prebenitzeko. Gipuzkoan zehar 40 tailer inguru emango dituzte eta horietako hamar Goierrin izango dira. Lehena, gaur bertan, Zumarragan.
Programa honen helburua argindar kontsumoaren murrizketa sustatzea da, modu erraz batean. Hala, eraginkortasun energetikoa bultzatu nahi da eta pobrezia energetikoa saihestu.
Maiatzean eta ekainean 40 tailer inguru emango dituzte Gipuzkoan. Tailer horietan
argitu.eus webgunean argitaratu diren hiru tutorialak praktikan jarriko dira.
Tutorial horietan kontsumo datuak ezagutzeko jarraitu beharreko pausoak zehazten dira: zenbat kontsumitu dugun eta noiz egin diren kontsumorik handienak. Hori guztia ezinbestekoa da kontsumoak murrizteko, aplikatzen diguten tarifa egokitzeko eta kontratatutako potentzia egokia den egiaztatzeko.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak prentsaurrekoa eman zuten atzo Zelai Arizti kultur etxean egitasmo hau aurkezteko.
Gonbita
Asensioak tailerretara joateko gonbita luzatu zuen. «Guretzako oso garrantzitsua da helburu hauek lortzea eta horretarako ezinbestekoa da herritarrek parte hartzea eta beraien kezkak azaltzea. Nola kontsumitzen dugun jakin beharra dugu, nola aurreztu jakin ahal izateko. Askotan, ez dakigu kontratatua dugun potentzia egokia den, zein tarifa dauden…».
Parte hartzeak merezi duela gehitu zuen. «Iazko tailerretan jendea oso gustura aritu zen. Parte hartu zutenek kontsumoa eta dirua aurreztea lortu dute».
GOIERRIKO TAILERRAK
- Zumarraga. Maiatzaren 8an, 18:00etan, KZgunean.
- Urretxu. Maiatzaren 10ean, 18:00etan, KZgunean (jubilatuentzat).
- Urretxu. Maiatzaren 14an, 18:00etan, KZgunean.
- Gabiria. Maiatzaren 16an, 18:00etan, kultur etxean.
- Legazpi. Maiatzaren 22an, 14:30ean, Buztintegi gizarte zentroan.
- Urretxu-Zumarraga. Maiatzaren 29an, 14:30ean, Bi-Tartean merkatari elkartearen egoitzan (merkatarientzat).
- Legazpi. Ekainaren 4an, 14:30ean, kultur etxean.
- Ordizia. Ekainaren 18an, 18:00etan, KZgunean.
- Beasain. Ekainaren 19an, 11:00etan, Aranealden (jubilatuentzat).
- Beasain Ekainaren 19an, 18:00etan, KZgunean.