Maiatza dantzan pasako dute Beasainen
Maiatza Dantzan egitarauaren barruan, hilaren 10ean, 17an eta 25ean dantza garaikidea oinarri duten hiru ikuskizun izango dira Bideluze plazan eta Usurbe Antzokian. Sarrera dohainik da
Maiatza Dantzan egitaraua berriz itzuliko da Beasainera eta euskal dantza garaikideko maila goreneko ikuskizunez gozatzeko aukera izango da. «Dantzaren eta bereziki dantza garaikidearen alde eginez», udalak hiru dantza ikuskizun antolatu ditu maiatzerako. Izan ere, Sarea, Euskadiko antzoki sareak antolatzen duen 2018ko dantza zirkuituko partaidea da udala, «eta urtarriletik abendura bitartean Euskal Herrian antolatu diren ikuskizunen zerrendaren barruan aurkitzen dira Beasainen antolatu diren hiru ekitaldiak».
Era honetan, udalak dantzarekin duen konpromisoa herriko taldeez harago eraman nahi du: «Hala, gaur gaurkoz, udalak Dantzaki, Aurtzaka, Ostadar eta Gala Ballet eskolarekin dituen hitzarmenak, kultur balio gisa, tokiko dantza jarduerarekiko duen konpromisoaren isla dira». Honela, Beasainen egingo diren hiru dantza garaikideko ikuskizunekin, udalak urrats bat gehiago egin nahi du: «Udalak lehen aldiz dantza ekimen mota honetarako aurrekontua jarri zuen eta diru laguntzak jasotzeko aukera izan du herrira honelako ikuskizun mota hau ekartzeko. Lehenengo bi ikuskizunek festen egitarauan sartu dituzte, bi ostegunetan; hirugarrena, berriz, azkeneko ostiralean. Eguraldi txarra izanez gero, Usurbe Antzokian egingo dira saioak. Dohainik dira dantza ikuskizun guztiak.
- Maiatzak 10: Sagartu (Hika eta Oinkari taldeak)
- Maiatzak 17: Irradak (Alurr Dantza Taldea)
- Maiatzak 25: Hariak (Ertza konpainia)













