Sustraiak dantza taldeak eta Legazpiko Udalak antolatzen duten lehiaketa da. Aurrez egindako ligaxkako dantzari onenak bilduko ditu txapelketak. Dantza saioa 16:30ean hasiko da
Latxartegi aretoak Euskal Herriko Neskatxena txapelketaren finala hartuko du bihar 16:30etik aurrera. Sustraiak dantza taldeak eta Legazpiko Udalak antolatuta, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak egindako XX. Gazteen Soinu Zahar Ligaxkan lehenengo postuetan sailkatutako dantzariak izango dira Legazpiko aretoan.
Legazpiko bi dantzarik hartuko dute parte finalean. Hain justu, Ane Arrizabalagak eta Nahia Lopezek dantzatuko dute. Bi dantzariak B sailean sailkatu dira; aurten, Sustraiak dantza taldeak ez du dantzaririk izan A sailean. Sailak adinaren arabera banatzen dira; A sailean 2006 eta 2010 urte artean jaiotako dantzariak eta B sailean 2003 eta 2005 urte artean jaiotakoak.
Irabazleek Juan Mari Burgera eskultore legazpiarrak sortutako eta Enrique Mediavillak forjatutako eskultura jasoko dute. Finalean parte hartzen dutenen artetan jantzirik onena ere sarituko dute.
Epaimahaia Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko partaidek osatuko dute eta Legazpiko txistulariek doinuak jarriko dituzte.