Euria eta hotza izan dira Urola Garaia BTT Maratoiko protagonista nagusiak
400 txirrindularik baino gehiagok eman zuten izena, baina 290ek parte hartu zuten. Ibilbide luzean Julen Ibabe nagusitu zen eta motzean Aitor eta Ander Perez Arrieta zegamarrakEuriak eta hotzak erabat baldintzatu du aurtengo Urola Garaia BTT Maratoia. ...
400 txirrindularik baino gehiagok eman zuten izena, baina 290ek parte hartu zuten. Ibilbide luzean Julen Ibabe nagusitu zen eta motzean Aitor eta Ander Perez Arrieta zegamarrak
Euriak eta hotzak erabat baldintzatu du aurtengo Urola Garaia BTT Maratoia. Izena emandako txirrindulari asko ez dira etorri, ibilbide luzea egiteko asmoa zuten askok motza egin dute eta, hala ere, txirrindulari asko erretiratu egin dira. Bukatu dutenek, lehertuta bukatu dute.Proba larunbatean izan zen. 400 txirrindulari baino gehiago zeuden izena emanda, baina iragarpenak oso txarrak ziren eta asko etxean gelditu ziren. 290ek parte hartu zuten azkenean. Etxetik irten zirenean zorua lehor zegoen, baina lasterketa hastearekin batera euri zaparrada bota zuen. Sekulako hotza pasa zuten.
Urtero bezala bi ibilbide izan zituzten aukeran: luzea, 80 kilometroko luzera eta 3.200 metroko desnibelarekin, eta motza, 40 kilometro eta 1.800 metroko desnibelarekin. Eguraldi makurra dela eta, ibilbide luzea egiteko asmotan etorri ziren txirrindulari askok motza egiteko hautua egin zuten azkenean. Hala, 103 izan ziren ibilbide luzea egiteko prest atera zirenak, eta 187, berriz, ibilbide motza aukeratu zutenak.
Eguerdi parterako ibilbide motzean parte hartu zuten guztiak iritsita zeuden helmugara. Ander eta Aitor Perez Arrieta anai zegamarrak izan ziren lehenak, 3:09:53 eta 3:09:55 denbora egin zuten, hurrenez hurren. Parte hartzaile guztietatik 168 izan zira, azkenean, ibilbidea burutzea lortu zutenak.
Julen Ibabe izan zen ibilbide luzeko txirrindulari azkarrena, 5:49:35 denborarekin. Ibabe aramaioarra da, baina bere ama urretxuarra. Iker Esnal zumarragarra laugarren postuan heldu zen. Azken txirrindularia 19:30a aldera heldu zen. Ibilbide luzean, irten ziren 103 txirrindularietatik 49k amaitu zuten.
Neska bakarrak hartu du parte aurtengo maratoian: Maialen Larrinagak. Ibilbide motza 5:12:37ko denboran amaitzea lortu zuen.
Aitor Perez Arrietak «oso gogorra» izan zela dio. Bera eta bere anaia ibilbide luzea egiteko asmoarekin irten ziren, baina azkenean motza egin zuten.
Hotz handia pasa zuten, baina itzultzeko asmoa dute. «Ibilbidearen bigarren zatia ezagutzeko gogoarekin gelditu nintzen. Entrenatzera joango gara edo datorren urteko probara, eguraldi hobea egiten badu».
Antolatzaileen lana goraipatu nahi du. «Ibilbidea oso polita da eta proba oso ondo antolatua dago. Gogor lan egiten dutela nabari da».