Itsasondoko Errota pilotalekua berritzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Aldundiak
Axier Garro Itsasondoko alkateak eta Denis Itxaso Kultura eta Kirol Departamentuko diputatuak hitzarmena sinatu dute gaur, Errota pilotalekua berritzeko. Proiektuak 402.000 euroko aurrekontua du eta Aldundiak 162.000 euro jarriko ditu.
Errota pilotalekua 1989an eraiki zen Ignacio Diaz Goena arkitektoak egindako proiektuari jarraituz. Perimetroan hiru horma ditu: frontisa, ezker horma eta errebotea. Laugarren aldean arkupea du, plaza aldera begira. 36 metro luze, 14 metro zabal eta 12 metro altu da. Gaur egun, frontoiko kantxaren eta plazaren kotaren artean bi metro inguruko aldea dago, eta tarte horretan hormigoizko bost harmaila daude. Hori dela eta, pertsona batzuk ezin dute kantxara jaitsi, eta ezin dira antolatu kantxaraino ibilgailuz iristea eskatzen duten zenbait ekitaldi.
Egoera horri irtenbidea emateko, alternatiba desberdinak planteatu ziren, eta 2017an herritarren partaidetza bidezko bozketa egin ondoren, aukeratu zen proiektua burutuko da, kantxa plazaren mailaraino igotzea.
Frontoia gehien erabiltzen dutenak herriko bizilagunak dira. Arratsaldeko 19:00ak arte eskolako umeek dute lehentasuna, sarritan gorputz hezkuntzarekin zerikusia duten jarduerak egiteko erabiltzen baitute frontoia.
Kirolari lehentasuna
Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordezkatu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.
Itxasok nabarmendu duenez, «planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du».
Foru Aldundian «adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi» dutela gehitu du Itxasok, «haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko».
Bai Itsasondoko Udalak bai Aldundiak «lankidetzari balorazio ona» eman diote eta adierazi dute «bizi ditugun garai hauetan, baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta inoiz baino beharrezkoagoa» dela.