Mario Rojas eta Maiwen Hamon garaile Ordiziako Urpekoak sarian
Hamasei taldetako 240 igerilarik parte hartu dute Majoriko lehiaketan. Irati Lakuntza tolosarra hirugarren sailkatu da.
Hegats igerilarien topaleku bihurtu da asteburuan Majori Kiroldegia, larunbatean ospatu zen 13. Ordizia Urpekoak Saria txapelketan. Kirol maila altua eta kirolarien arteko giro bikaina nagusitu ziren. Egun guztian zehar, hamasei taldetako 240 igerilari lehiatu ziren, antolakuntzak prestaturiko proba desberdinetan.
Gizonezkoen mailan, Mario Rojas espainiarrak (CADAS) irabazi zuen, 1929 puntu batuta. Bigarren postuan Marcos Jose Madrid kataluniarra (AE Bellsport) geratu zen, 1902 punturekin, eta hirugarren postuan, azkenik, Jose Manuel Santano alikantearra (Top Ten), 1898 punturekin.
Emakumeen artean, Maiwen Hamon frantziarra (Pais D Aix Natation) gailendu zen, 2121 punturekin, eta ondoren sailkatu ziren Anais Verger frantziarra (CPB Rennes) 1993 punturekin bigarren, eta Irati Lakuntza tolosarra (Igarondo Urpekoak) hirugarren, 1893 punturekin.
Ordiziako Urpekoak 13. txapelketak iazko sabaia goratu du aurten, «maila iazkoa baino altuagoa» izan baita. «Alde batetik, sailkapeneko puntuazioak altuagoak izan dira, eta, bestetik, Espainiako Federazioan sartu ahal izateko egin beharreko gutxieneko denbora batzuk lortu dira». Bi arlo horiek nabarmendu ditu antolakuntzak. Bestalde, Majori kiroldegian «giro polita» sortu zela goraipatu dute.
Eguneko argazkiak. Aimar Maiz














