Lazkaok eta Olaberriak aldeko dute Herriartekoan balantza, Ordiziak kontrara
Palako Herriartekoan, final-laurdenetako joaneko jardunaldiak jokatu dituzte asteburuan Goierriko hiru ordezkariek. Ostiral gauean, Ordiziak Beti-Alain Oiartzun hartu zuen. Bana egin dute, baina 26 tanto azpitik geratu da tanteoan. Paleta larruz, Aitor Luzuriagak eta Gorka Berasategik 35-32 irabazi zuten. Parekatua izan zen, ordiziarrek ongi jokatu zuten. Bigarren neurketa, pala motzekoa, “porrot mingarria” izan zen: Iñaki Aranburuk eta Zuhaitz Letamendiak 11-40 galdu zuten. Markagailuko tanto urritasunak adierazten du jokatzeko izan zuten ezina. Itzulikorako, gainera, oso azpitik utzi ditu ordiziarrak. Bi neurketak irabazi beharrean dira ia-ia, Oiartzunen.
Olaberriak probetxu handiagoa atera zuen, ostiralean, Andoainen. Bana egin du, eta 2 tanto goitik itzuli da. Oso berdindua dago kanporaketa. Paleta larruz, Iker Garridok eta Jose Manuel Garridok 35-18 irabazi zuten; pala motzean, Garikoitz Arrietak eta Imanol Olaranek 40-25 galdu. Olaberriko itzulikoan erabakiko da dena, ostiral arratsean. Herritarrei joateko deia egin diete palariek.
Lazkao izan da lehen jardunaldian petrolioa atera duena. Barandiaran kiroldegian aritu zen, larunbatean, Donostiaren aurka. 2-0 aurreratu dira kanporaketan, eta finalaurrekoetara sartzeko urrats erraldoia egin du. Paleta larruzko lehen neurketan, Mikel Arantzegik eta Azeari Andonegik 35-32 irabazi zuten. Azken diferentziak adierazten duena baino lasaiago eraman zuten markagailua, partidan zehar. 7-8 tanto aurretik izan ziren, uneoro. Azken txanpan hurbildu zitzaizkien donostiarrak,29-28 jartzeraino. Pala motzean, Xabier eta Beñat Ibarguren anaiek 40-32 irabazi zuten. Beñat Ibarguren nabarmendu zen, “ikaragarri” jokatu baitzuen. Bi partidetako onena izan zen.