Enirio-Igaratza pista proiektu berriari ezetz esan diote talde ekologistek
Fortuna Mendi Elkarteak txangoa antolatuta, Aralarren barrena ibilaldia egin dute asteburuan, eta Enirio-Igaratzako pistara gerturatu dira. Orain dela hilabete landatutako haginak aterata topatu dituzte
Enirio-Aralar Mankomunitateak Aralarren eraiki nahi dituen pisten eremuetatik pasatu da aurten, Donostiako Fortuna kirol elkarteak antolatutako 78. Mendi Ibilaldia. Igandean egin zuten txangoa eta mendizaleek, Aralar Parkearen edertasunaz gozatu ahal izan zuten baina, bidez batez, «pista proiektuen arriskuez jabearazi» nahi izan dute.
Ez da lehenengo aldia Fortuna elkarteak Aralarren barrena mendi ibilaldia antolatzen duena. Baina oraingo honetan, aldarrikapenereko txangoa izan da. Izan ere, «azken bi urte eta erdian, Aralar inguruan izandako gertakizun nagusienak azaltzeko eta Enirio-Igaratza proiektu berria eta pasa den astean landatu berri diren haginen suntsiketa ere salatu» dituzte.
Proiektu berriari ez
Apirilaren 30ean Aldundiko Ingurumen Departamenduak Enirio-Igaratzarako iaz aurkeztutako pista proiektuaren ebaluazio sinplifikatua atzera bota zuen eta aste betera, Enirio-Aralar Mankomunitateak eta aldundiko Mendi Zuzendaritzak proiektu berria eta bere ingurumen inpaktuko azterketa arrunta aurkeztu zituzten. Helegiteak aurkezteko epea ekainaren 19ra arte dago zabalik.
Honen guztiaren aurrean, «pista proiektu berriari berriro ezetz» esan diote Landarlanek eta Eguzkik: «pista berriak ez duelako Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketarekin lotura zuzenik, Doniturrietako bidearen inguruan aurkeztu den aukera bakarra delako, Aralarko Natur Baliabideen Antolamenduaren Planaren arauen kontra doalako, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioaren legeak Natura 2000ko guneentzat derrigortutakoa betetzen ez duelako, Euskadiko landare mehatxuen zerrendako legez babestutako espezieak suntsituko lituzkeelako, higadurak lurzoruan betirako galera dakarrelako, ur jariatzeak aldaraziko dituelako, eta 4×4 ibilgaluek sortuko duten kutsadura akustikoagatik, besteak beste.
Orain dela hilabete, Mendi Zuzendaritzako teknikariek Eniriotik gertu landatutako haginak, sustraietik atera dituzte. 35 landaretatik, 3 bakarrik agertu dira jarri zituzten tokian. Landarlanek eta Eguzkik «haginak sustraietatik ateratzea eta suntsitzea irmoki gaitzetsi» dute, eta «ingurumenaren aurkako ekintzatzat jo» dute. Hori dela eta, Aldundiari eta Enirio-Aralar Mankomunitateari hainbat eskaera egin dizkiete; «delitu hori ikertzeko, Aralar Parke Naturalari buruz sentsibilizatzeko ekintzak abiarazteko, hagin landaketa berriro egitea eta mankomunitateko lur horien zainketarako pertsona bat kontratatzeko».
Haginak sustraitik aterata














