Papera eta ehungintza ere bai
Egun Chillida Lantoki Museoa dagoen gunea Elorza SA paper fabrika izan zen XIX. eta XX. mendeetan zehar. Legazpiko industriaren historiaren beste kapitulu bat da.
Legazpiko historia industria garapenarekin txirikordatu da mendeetan zehar. Industriak herriaren izaeran, arkitekturan zein ondarean arrasto ugari utzi ditu. Bereziki nabarmena izan da Patrizio Etxeberriak sortutako siderurgia lantegiak utzitako arrastoa; hura ez da, baina, bakarra. Gipuzkoako lehenengotako paper errota Legazpin sortu zen. Lenbur fundazioak ondutako Elorza SA paper lantegiari buruzko dokumentuan jasotzen da datu hori, eta datozen lerroetan xehatuko direnak ere bai. Paper lantegiaren historia Legazpiko historia ere bada.
Hastapenetako paper errota haren gaineko lehen dokumentuek jasotzen dute, paper lantegia egondako gunean egun Chillida Lantoki Museoa, gutxienez XVII. mendetik irin-errota bat egon zela. Paper errota bihurtu zela dokumentatu dute 1805eko agiriek. Gipuzkoako lehen paper errota izanagatik 2009.urtean Kultur Monumentu izaera jaso zuen.
Trapuak papera egiteko
Legazpiko lehenengo paper lantegia ustiatu zuten langile kualifikatuak frantsesak ziren. Villalegre eta San Millaneko markesak lantegia alokairuan utzi, eta, hasierako euskal paper fabrika guztietan bezala, frantsesen influentzia handia izan zen lan egiteko moduari dagokionez. Papera egiteko erabiltzen zuten lehengaia trapuak ziren, traperoek etxez etxe jasotzen zituzten eta haiekin paper orea egiten zuten. Kolaztatzeko animalia karnata erabiltzen zuten, zeinarekin halako gelatina bat lortzen zuten; gelatina hartan papera urperarazten zuten. Artisau prozesu bat zen zinez.
Produkzio sistemetan aurrerapen teknologikoak gauzatu ziren heinean, mekanizazioak aurrea hartu zien artisautza moduei. Espezializazioa balio gisa atzean geratu zen eta paper langileak fabrikako langile hutsak bilakatu ziren. Paper makina jarraituen aroa zabaldu zen. Gipuzkoan 1842an instalatu zuten lehenengoa, Legazpiko lantegiak 1870ean bazituen jada modu modernoagoan lan egiteko lanabesak.
Paper produkzioa oztopoz oztopo aritu zen orduz geroztik. Hasteko, trapuen prezioak gorakada handia jasan zuen eta Legazpiko paper lantegian trapuak erabilitako paper zatiekin ordezkatu zituzten. Historian zehar Elorza paper-lantegitik honako produktuak atera ziren, besteak beste: kartoia, zatar papera, pentsu zakuetarako papera, paretak papereztatzeko papera, lehergaientzako papera, elikagaiak biltzeko papera eta eskopeta takoak.
Etxeberriaren itzala
Patrizio Etxeberriak ez zuen paper lantegiaren sorrerarekin harremanik izan; beranduago jaio zen. Haren aitak, ordea, badu lotura estua. Migel Inazio Etxeberria arotzak paper lantegia alokatu zuen lehenengo eta, gerora, erosi egin zuen. Istripu batek makal utzi eta tuberkulosiak jota hil zen 1899ean. Etxeberriaren familiak ezin izan zuen lantegia bere gain hartu eta Patrizio Elorza Patrizio Etxeberriaren amaren anaia senidearen eskuetan utzi zuten lantegia. Elorzak aurretik Legorretako paper fabrika sortua zuen Etxezarretarekin batera.
Elorzaren semeak hartu zuen lantegia 1930ean eta hura modernizatu, handitu eta dibertsifikatu zuen; tartean, feltroa produzitzen hasi ziren eta ehungintzarekin lotutako beste hainbat produktu. Alabaina, sail hartako teknologia zaharkitua zen eta produkzioa lan eskuan oinarritzen zen.
36ko gerra eta emakumeak
Gizonezko asko eta asko gerra frontean zeuden bitartean lantegia langile gabe geratu zen neurri batean eta emakumezko asko lanean hasi ziren bertan. Aurten, Museoen Nazioarteko Egunaren harira omendu egin dituzte paper lantegian lan egin zuten emakumezkoak Txillida Lantoki Museoan. Manuela Aristondo, Claudia Agirre, Felicitas Urzelai, Mila Larrea, Pakita Gibelalde, Pili Uribetxeberria… Zerrenda askoz luzeagoa da. Haiek denak fabrikan lanean aritu ziren, eta gizonezkoen mundu hartan bere tokia egiteko gogor borrokatu behar izan zuten.
Kanpoko langileak ere ekarri zituen paper lantegiak eta haientzako etxeak eraiki zituzten. Industriak Legazpiko arkitekturarekin duen loturaren beste adierazle bat da. Papertegiko etxeak izenarekin ezagutzen da multzo hori; Mauleon hotela, Elorza sendiaren etxea zen.
1973ko Petrolio Krisira arte, hazkundeak ez zuen etenik izan. 1964an papera ekoizteko makina berria erosi zuten, azkarrago zebilena, baina azkarra izanda ere, beranduago jabetuko ziren, ezin zuela Finlandian edo Portugalen ekoizten zutenarekin lehiatu. Moketak egiteko apustua egin zuten arren, 1980ko hamarraldiaren hasieran kontuak ez ziren ongi ateratzen. Arazo ekonomikoak langileen lan baldintza duinen aldarrikapenekin bat egin zuten. Greba luzeak egin ziren Legazpiko paper-lantegian, luzeena 50 egunekoa. 1999an ateak itxi zituen 55 langiletik gora, eta hartzekodunak atzetik zituenean.













