Lau t'erdian lehiatuko dira Iker Irribarria eta Julen Retegi, eta Danel Elezkano eta Aitor Mendizabal. Aurretik Lerena eta Etxeberria, Zubizarreta eta Garmendia goierritarrak ariko dira

Iker Irribarria pilotari aramarra // Arg: Carlos Mediavilla
Goi mailako pilota ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da bihar Beasaingo Antzizar Kiroldegian, 22:00etan hasita. Beasaingo Udalak Aspe eta Asegarce pilota enpresekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, bihar, lau t’erdiko San Fermin txapelketako bi kanporaketa jokatuko dira kiroldegian: batetik, Iker Irribarria aramarra lehiatuko da Julen Retegiren aurka; eta bestetik, Danel Elezkano Aitor Mendizabalen aurka.
Aurretik, ordea, gazteak izango dira protagonista. Hirugarren Etorkizuneko ETB txapelketako lehenengo finalerdia jokatuko dute Lerenak eta Etxeberriak, Iraitz Zubizarreta ataundarraren eta Beñat Garmendia beasaindarraren aurka.
Bigarren jaialdia ekainaren 16an jokatuko da, larunbatean, 17:15ean hasita. Emakumezkoen pilota partidekin hasiko da jaialdia: Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendi, Arrate Bergara eta Miriam Arrillagaren aurka lehiatuko dira. Ondoren, gizonezkoen binakako partidan Arteaga II.ak eta Ladis Galarzak, Peña II.a eta Jon Ander Albisu ataundarraren aurka jokatuko dute. Lau t’erdiko San Fermin txapelketaren kanporaketan, azkenik, Bengoetxea VI.ak aurreko kanporaketetan erabakitzen denaren arabera honako pilotari hauetako baten aurka jokatuko du: Victor, Artola edo Lasoren aurka alegia.
ETBk zuzenean
Bi jaialdietarako sarrerak Antzizar Kiroldegian bertan daude salgai, 25 euroan. Bi pilota jaialdiak Euskal Telebistak eskainiko ditu zuzenean.