Dantzari Txikien Eguna ospatu du Oin Arinek Lazkaon
Zazpi dantza taldek hartu dute Dantzari Txiki Egunean parte; tartean, lehen aldiz, Zuberoako Ligiko taldeak
Dantzari Txiki Eguna ospatu dute gaur Lazkaon, Oin Arin Dantza Taldeak antolatuta. Zazpi dantza talde elkartu dira: Beasaingoa, Zegamakoa, Portugaletekoa, Ordiziakoa Gabiriakoa, Ligikoa eta Lazkaokoa. Lehen aldiz izan dira zuberoarrak Lazkaon, eta Ipar Euskal Herriko dantzez gozatzeko aukera izan da.
10:30ean elkartu dira dantza talde guztiak, herriko plazan. Ongietorria eta hamaiketakoa egin ondoren, 11:00etan, desfileari hasiera eman diote. Hiru bide ezberdinetan banatu dira dantzariak, bakoitzak bi geldialditan dantzak eskainiz. Lehen geldialdiak Lazkao Txiki Zelaian, Areria zinema aurrean eta Gurutzeko 8-9ko plazatxoan egin dituzte. Bigarrenak berriz, Areso 24-26 plazan, Jose Lasako jolas parkean eta Txindoki egoitzan.
13:00etan berriro ere plazan elkartu dira talde guztiak, eta alardea egin dute bertan. Ikurrin-dantza, Agurra, San Petit, Axuri beltza, Txankarrankoa eta sueltokoak eskaini dituzte. Honen ondoren, plazan elkarrekin bazkaldu dute dantzari, musikari eta antolatzaile-boluntario guztiek lehen aldiz. Plazako frontoian 400 lagun inguru elkartu dira, paella bazkaltzeko.
Ekainaren 20an Oin Arin taldeak matrikula irekiko du, izena emateko aukeran eskainiz. Arerian egongo dira 17:00etatik 18:00etara, datorren ikasturtean Dantza Taldera batu nahi diren kide berrien zain.





















































