Martin Diaz eta Aiara Garaialde segurarrak, sari banaketan // Argazkiak: Tolosaldeko Ataria
T3T Tolosaldeko 3 Tontorrak mendi lasterketa jokatu dute asteburuan, eta goierritar ugarik parte hartu dute, aurten ere. Horietako batzuk, gainera, aurreko postuetan ibili dira.
Martin Diaz segurarra T3Tko helmugan.
T3Tko sailkapen nagusian, laugarren bukatu du Martin Diez segurarrak. 4:33:43ko denboran sartu zen helmugan, sekulako lasterketa egin eta gero. 23 urtez azpikoen mailan, bera izan da onena. Goierritarren artean, Asier Arakama beasaindarra (11. postuan) eta David Sanz idiazabaldarra (33.) ere lasterketaren aurrealdean ibili ziren. Nesketan ere segurarrak nagusi 23 urtez azpikoen kategorian, izan ere, Aiara Garaialde izan zen onena. Sailkapen nagusian berriz 6. egin zuen. Garaialde, lasterketako partaiderik gazteena izan zen. Arantxa de la Fuente beasaindarra (10.), Ainhoa Lasa zumarragarra (11.) eta Arantxa Lasa legorretarra (12.) ere ondo ibili ziren.
T3T mendi lasterketak 42,7 kilometroko ibilbidea du, eta besteak beste, Ernio, Uzturre eta Erroizpe tontorrak igarotzen ditu. 2.800 metroko desnibel positiboarekin.
Jon Aizpuru beasaindarra T2T proban.
Bi tontorretan ere ondo
Egun berean, T2T proba ere jokatzen dute, 24 kilometroko ibilbidearekin. Jon Aizpuru beasaindarrak podiumeko postua lortu du, lasterketa 3. tokian amaitu eta gero. Ioseba Eskuderok 8. bukatu du, eta Aitor Dionisio zumarragarrak 12. Emakumezkoetan, Jone Cerezo zumarragarra izan da lehen goierritarra, 9. postuan. Haren atzetik sartu dira Sonia Reyes beasaindarra (12.) eta Nerea Rosado ataundarra (21.).