Munduko Futbol Txapelketakoak ez dira Errusiako estadio zoragarri bakarrak. Moskuko Dinamo eraikin ikusgarri bat egiten ari da eta Aleman enpresak aluminiozko 11.000 triangelu egin ditu bertarako.

Errusian Munduko Futbol Txapelketa jokatzen ari dira, hamabi estadio ikusgarritan. Baina estadio horiek ez dira herrialde hartan eraiki edo berritu dituzten bakarrak. Moskuko Dinamo taldea ere zelai berri bat egiten ari da eta eraikuntza lanetan Euskal Herriko bi enpresa parte hartzen ari dira: Donostiako Lanik ingeniaritza eta Legazpiko Aluminios Aleman. Donostiarrek estadioaren estalkia diseinatu dute eta goierritarrek estalkia egiteko beharrezkoak diren 11.000 triangeluak egin dituzte.
Enpresa hau Felix Aleman zumarragarrak sortu zuen 1989an. Itsasoko Alegi auzoan lan egin zuten, pabiloia txiki gelditu zitzaien arte. Langile gehienak Urretxu eta Zumarragakoak direnez, bi herri hauetatik gertuago dagoen pabiloi bat eskuratu zuten. Legazpiko Elbarrena auzoan, hain zuzen ere. Sei langilerekin hasi ziren eta egun 20 dira.
Aluminiozko itxiturak fabrikatu eta instalatzen dituzte: leihoak, begiratokiak, balkoiak, barandak… Euskal Herria mailan lan egiten dute, batez ere. «Hemendik kanpo lan egitea eskaini digute, baina instalazioa egin ondoren mantenuaz arduratu behar duzu. Hori dela eta, ez zaigu instalazioak urrun egitea gustatzen», azaldu du Marian Hernandezek.
Lan bereziak

Beste arotz batzuk egin ohi ez dituzten lanak egiten dituzte. «Metalekin lan egiten duten aroztegi gehienak gurea baino askoz ere txikiagoak dira. Hori dela eta, norbaitek lan berezi bat egin nahi duenean (leiho amerikarrak, leiho kurbatuak…) gurekin harremanetan jartzen da. Hala, beste aroztegi batzuentzat ere lan egiten dugu».
Hori guztia dela eta, ez da harritzekoa Lanik enpresa beraiekin harremanetan jarri izana. «Moskuko Dinamoren estadioan muntatzen ari diren estruktura beraiek patentatu zuten, baina orain arte ez dute sekula triangeluekin egin. Aluminioarekin lan egiten duten aroztegi pila bat bisitatu zituzten eta denetan ezezkoa eman zieten. Izan ere, triangelu asko dira (11.000) eta bakoitza neurri batekoa da (2×2 metrokoa, gutxi gorabehera)».
Aleman enpresakoentzat itzelezko erronka izan da. «Langile gehiago kontratatu behar izan genituen eta mozte automatikoa egiten duen makina batekin lan egin. Lana aurrera ateratzea lortu genuen, baina sekulako esfortzua eginda. Kamioiak bata bestearen atzetik etortzen ziren, materialarekin. Ingeniariak, errusiarrak… hemen izan ditugu».
Artisau lana

Gainera, aluminioarekin egiten den lana artisau lana da. «Mozketa makina automatikoa da, baina pieza guztiak trokelatu egin behar ziren eta goma jarri behar zitzaien, besteak beste».
Aleman enpresako langileak egindako lanaz harro daude. «Sekulako obra da eta Moskuko Dinamoren argazki guztietan guk egindako lana ikusiko da. Estadioak merkataritza gune bat du bere barnean. Ikaragarria da. Oso ondo geldituko da».
Hernandezek oso argi du egunen batean Moskura joango dela estadioa bertatik bertara ikustera. «Gutatik, Felix bakarrik joan da bertara. Fabrikatzen ari ginen piezak nola muntatzen ziren ikustera joan zen. Baina ni ere Moskura joango naiz egunen batean. Hilabete asko eman ditugu egitasmo honetan lanean, buruhauste asko eman dizkigu eta oso lan berezia da guretzat».
Donostiako epaitegia
Orain arte egin duten lanik handiena da, baina beste lan ikusgarri batzuk ere egin dituzte. Donostiako epaitegian, Bergarako ikastolako gortina horma, Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxeko fatxada…
Baina Errusiako estadio baterako 11.000 pieza egitea beste kontu bat da. Gainera, Moskuko Dinamo Errusiako talde garrantzitsuenetako bat da. Sobietar Batasunaren garaian polizia sekretuaren taldea zen eta 11 liga eta sei kopa irabazi zituen. 1972an Errekopako finala jokatu zuen. Historiako atezain onenak, Lev Yashinek, talde honetan jokatu zuen. Eta egungo entrenatzailea Realako jokalari ohi bat da: Dmitri Khokhlov.