Xabier Crehuet: «Nire kantak abestea publikoaren aurrean biluztea bezalakoa da»
'Izaki primitiboak' du izena Xabier Crehuet abeslari ordiziarraren lehenengo diskak. Zortzi kantuk osatzen dute, berak sortutako zazpik eta Katamaloren abesti baten bertsioak.
Lehenengo diska kalean du jada Xabier Crehuet Ordiziako artista gazteak. Zortzi kantak osatzen dute: sorkuntza propioko zazpi kantek eta Katamaloren abesti baten bertsioak. Izaki primitiboak du izenburua bere lehenengo lan honek eta pop, rock eta folk estiloak nahasten ditu. Orain dela aste pare bat aurkeztu zuen jendaurrean kaleratu berri duen lehen lana, bere jaioterrian, D’elikatuz zentroan.
Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?
Txikitan solfeoa ikasten hasi nintzen Ordiziako Musika Eskolan, tronpeta jotzen ere ikasi nuen. Baina benetan jo nahi nuena kitarra zen, azkenean 14 urterekin hasi nintzen kitarra jotzen. Sei urtez egon nintzen. Hiru urtez pianoa ere jo nuen. Instrumentu ugari jotzen dut.
Esan daiteke, instrumentua izan zela lehenik, baina kantatu ere kantatzen duzu, horrela ezagutu zaitugu behintzat.
Kitarra jotzen hasi nintzenean hasi nintzen kantatzen. Etxean probatzen hasi nintzen. Hasiera batean gustuko abestien bertsioak egiten nituen. Nire erregistroa bilatu nuen probatuz eta probatuz; oso ahots grabea dut eta denbora dexente behar izan dut nire tokia bilatzen.
Kitarrarekin kantatzen denbora neramala, Youtubera bideo bat igo nuen. Jendeak zer egiten dudan ezagutzea nahi nuen. Ondo landutako zerbait izatea nahi nuenez, ahotsa Arkaitz Carrascoren Idiazabalgo estudioan grabatu nuen, lehenengo diska grabatu dudan toki berean. Beste alde batetik irudia grabatu nuen eta biak elkartu nituen.
Youtubera ezer igo aurretik jendaurrean kantatu al zenuen sekula?
Lagun eta familiakoen aurrean, gertukoenen aurrean alegia. Jendaurrean kantatzea asko kostatzen zitzaidan eta nire konfidantzako jendeak asko animatu nau hau guztia jendaurrera eramateko. Dena den, gaur egun oraindik, urduri xamar jartzen naiz.
Pertsona lotsatia al zara? Txikitan agian bai, orain berriz ez. Adinean aurrera joan ahala, aldatuz joan naiz. Dena den, nire abestiak jendaurrean abestearena gauza nahiko berria da niretzat eta errespetu handia diot oholtza gainera igotzeari. Zergatik gertatzen zaizu hori? Arrazoi ugari dagoela esango nuke. Batetik, hau guztia berria da niretzat. Bestalde, nik sortutako abestiak dira, eta haietan gauza oso pertsonalen inguruan hitzegiten dut. Nire barrenak ustutzea bezala da, eta horiek abestea begira dagoen publikoaren aurrean biluztea bezala da. Zertaz hitzegiten dute ba zure kantuek? Maitasunaz, bizitzako hainbat gertakizunen inguruan, gauza nahiko pertsonalen inguruan. Nola izan zen zure lehenengo abestia sortzea? Nondik hasi ere ez nekien. Musikaria den lagun batekin jarri nintzen harremanetan, eta hark asko lagundu zidan. Dena den, horretara jartzea baino ez da, eta horri denbora bat eskaintzea eta, nola ez, sortzeko une aproposa aukeratzea. Beti ez baitira abestiak etortzen. Zergatik diozu hori? Niri behintzat edozein unetan doinuak eta letrak etortzen ez zaizkidalako. Triste nagoenean etortzen zaizkit abestiak sortzeko ideiak, animikoki ukituta nagoenean gauza hobeak sortzen ditut. Zenbat denbora behar izan duzu guztia prest izateko? Asko!. Ez nuen azkar egindako zerbait nahi. Poliki aritu naiz lanean, kantuz kantu, eta mimo handia jarri diot bakoitzari. Eta emaitzarekin oso pozik gelditu naiz. Nahi izan dudan moduan egin dut lan, eta hori antzematen dela esango nuke. Non eman zenuen zure lehenengo kontzertua? Ordiziako Gaztetxean izan zen, 2016an. Proposamena egin zidaten eta gustu handiz esan nuen baietz. Behar nuen zerbait zen. Lehenengo kontzertua eta gero beste batzuk ere eman dituzu herrian. Babesik sentitu al duzu? Bai, noski! Ordiziarock-eko jendea hasiera-hasieratik nirekin egon da. Asko animatu naute salto egin eta aurrera jarraitzera. Eskertzeko asko daukat haiei! Hemendik aurrerakoa nola ikusten duzu? Kontzertu batzuk lotzen ari naiz eta diskoa kaleratu berri dudan arren, abestiak sortzen ere jarraitzen dut. Diskoa ezagutzera eman bai, baina gelditu gabe nabil.«Poliki aritu naiz lanean, kantuz kantu, eta mimo handia jarri diot bakoitzari. Oso gustura nago emaitzarekin»
«Triste nagoenean etortzen zaizkit abestiak sortzeko ideiak, ukituta nagoenean gauza hobeak sortzen ditut»













