Mitologiari astebeteko kulturaldia eskainiko diote Ataunen
Jentilbaratza kultur elkarteak bigarren urtez jarraian egitarau mardul batekin jantziko du Ataunen mitologiari eskainitako zikloa. Mitologiaren II. ekitaldia ostiralean (uztailak 6) hasiko da, ‘Errementari’ filmaren emanaldiarekin (Herri Antzokian, 19:00etan). Paul Urkijo zuzendaria bertan izango da, eta solasaldia egingo dute harekin bukaeran.
Helduentzako ekitaldiekin sendotu dute iaz hasitako ekimena. Hala, larunbatean (uztailak 7), Jon Aizpurua gidari hartuta, ibilaldia egin ahalko da Ataungo mitoen lekuetatik barrena. 10:00etan irtengo dira, San Martingo plazatik. Leienden eta kontakizunen parajeak erakutsiko ditu Aizpuruak: Zaindiko atsoaren istorioa, Agerre baserrira jaisten ziren jentilena, Lamiñosingo lamiak…
Igandean, Marimundukok Euskal Herriko ipuin zaharrak eta mitoak kontatuko ditu, antzezpenarekin lagunduta. Bi emanaldi izango dira, Barandiaran Museoan: 11:00etan eta 12:30ean. Familientzat pentsatutako ekitaldia da.
Datorren astean segiko du II. Mitoaldiak. Aurtengo gonbidatu nagusia Juan Inazio Hartsuaga antropologoa eta idazlea izango da, mitologian jantzia. Euskal mitologia egituratua hitzaldia egingo du, uztailaren 11n, 19:00etan, Barandiaran museoan. Iaz Toti Martinez de Lezea idazlea gonbidatu zuten.
Azkenik, Mitoaldiko “plater handiena”, uztailaren 14ko arratsirian etorriko da: VII. Gau Ibilaldi Mitologikoa. 20:00etan San Gregoriotik abiatu, eta gauerdirako San Martineraino joango dira 1.200 bat ibiltari, herri-bidean aurrera leku jakinetan antzezpenak ikusiz. Aurten, lehen aldiz, aurrez sarrera hartu beharko da, nahiz eta doan den (jentilenetorrera.eus). Txartel gutxi geratzen dira, eta bizi ibiltzeko aholkatu dute.
Beste ekitaldi guztietarako ere aurrez izena eman edo sarrera hartu behar da; beste kasu horietan guztietan, Barandiaran Museoan (943 18 03 35 / 688 895 069 / barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net). +
II. Mitoaldiaren aurkezpena gaur egin dute ataundarrek, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Han izan dira pregoilaria, Torto, Patxi Errementari, Maru eta sorginak ere, Barandiaran Museoko eta Jentilbaratza elkarteko ordezkariekin batera.