«Rapak ez dauka zertan iraina izan behar, izan daiteke errespetua»
La Basu ezizenaren atzean Elena Caballero (Bilbo, 1983) dago. Gaur kontzertua egingo du Legazpiko Gernika plazan, 19:00etan. Euskaraz rapa kantatzen duen euskal emakume bakarra da.Aspaldi rapeatzen?13 urterekin hasi nintzen. Olerkiak eta abar idazten n...
La Basu ezizenaren atzean Elena Caballero (Bilbo, 1983) dago. Gaur kontzertua egingo du Legazpiko Gernika plazan, 19:00etan. Euskaraz rapa kantatzen duen euskal emakume bakarra da.
Aspaldi rapeatzen?13 urterekin hasi nintzen. Olerkiak eta abar idazten nituen, baina garai hartan ez nuen mundu horretako inor ezagutzen. Udako oporraldia Burgoseko (Gaztela) herri batean egiten nuen, eta han nengoela, behin, oso soinu txarra zuen kasete bat utzi zidaten. Rapa zen. Hala, nire idatziak rapa bihurtzen hasi nintzen.
Euskal Herrian oso arraroa zen rapa egitea. Rock eta punk musikak bai, baina rapa… Ameriketatik zetorren musika zen eta halakorik euskaraz ezin zela egin zirudien. Ez zegoen ongi ikusita. Bakarrik Selekta Kolektiboa taldea zebilen horretan. Ni lehenengo emakumea izan nintzen.
Euskaraz rapeatzen duzu.
Gaztelaniaz hasi nintzen. Ikastetxean ikasi nuen euskaraz, baina etxean ezta auzoan ere ez zen euskararik egiten eta nik hamasei urtez ahaztu egin nuen. Euskararik gabe bizi izan nintzen, ez nuen behar. Gorroto ere hartu nion, ez bainuen ulertzen zergatik ikasi behar nuen, ez nuen behar eta! Gaztea nintzen eta begirada lausoa nuen.
Lehenengo diskoak eta maketak denak gaztelaniaz egin nituen. Aneguriarekin elkartu nintzen eta, orduan, zer edo zer aldatu zen nigan. Euskara berreskuratzeko grina sortu zitzaidan. Erronka handia izan zen nire euskarazko lehen abestia prestatzea eta erabili nuen koadernoa gordeta daukat. Emaitza ona izan zen eta disko oso bat euskaraz egiteari ekin nion.Iaz kaleratu nuen, Ni ez naiz izotz erregina diskoa.
Orduan euskaraz rapeatu daiteke.
Bai, eta euskaraz rapeatzen duen emakumea izan zaitezke. Nik ez ditut izan erreferenteak eta uste dut beharrezkoak direla norbaitek «akaso ni ere saiatuko naiz» pentsa dezan. Oso pozik nago, eta harro ere bai. Lan handia izan den arren, egin beharra zegoelakoan nago.
Euskaraz rapeatuta ez zara Euskal Herritik ateratzen. Raparen munduan euskaraz arituta arraroa zara, eta euskal musikan, emakumea izanda eta gainera rapa egiten baduzu, oraindik arraroagoa. Lurralde komantxean gaude, inoren lurraldean.
Zertaz hitz egiten dute zure abestiek?
Gizonezkoek egin izan dute rapa eta askotan letrak matxistak dira. Orain modan daude oilar-batailak, irainetan oinarritzen dira. Rapak, hala ere, ez dauka zertan iraina izan behar, errespetua izan daiteke, gure kasuan hala da.
Rapa kaleko oihartzuna da. Ezagutzen ditudan gauzez idazten dut, askatasunaz, emakumeaz… Irainetan oinarritutako rapa ez zait batere gustatzen, nik ez dut irainaren beharrik ongi rapeatzen dudala erakusteko. Nire letrak zorrotzak dira, zuzenak, hori baita borrokatzeko bide bakarra. Alabaina, errespetuz idatzitakoak dira.
Zer ikusiko dute legazpiarrek gaurko kontzertuan?
Nahasketa asko egiten ditugu. Bonbo kutxa erabiltzen dugu eta jendea dantzan jartzea da gehien gustatzen zaidana. Reggae, dance eta musika elektronikoak uztartzen ditugu raparekin. Garai batean, lehenengo lerroan beti zeuden gizonak, zer arraio egiten ari nintzen begiratzen. Denboraren poderioz lehenengo lerroan emakumezkoak egotea lortu dut, eta horrek poz handia ematen dit.
Gaurko kontzertuan DJ bat eta koruak egiten beste lagun bat izango dira nirekin Legazpin. Lasai-lasai ekiten diegu emanaldiei indarrez amaitzeko. Oholtza izugarri maite dut, baina publikoa dagoen tokira jaisten naiz, jendearekin partekatzeko. Oso giro ona sortzen da gure kontzertuetan. Gaztelerazko bizpahiru abesti ere egingo ditugu. Bi hizkuntzetan egin ahal dela uste dut, hain zuzen, hor dagoelako aberastasuna.