Lazkaoko Areria antzokian izango da antzerkia. Hiru musikari aktoreren laguntzarekin, euskal musikaren «benetako istorioa» kontatuko dute. Berrehun abestiren printzak entzun ahalko dira

«Euskal musikaren iruditeria kolektiboan murgilduko gaituen ikuskizuna». Halaxe definitu du Tartean antzerki konpainiak gaur Lazkaon eskainiko duten
Ez dok hiru antzezlana. Maizpide euskaltegiaren 44. Udako Ikastaroen kultura egitarauan izango da, Areria antzokian, gaur 22:00etan.
Patxo Telleria (Bilbo, 1960) eta Mikel Martinez (Lizarra, 1955) dira aktore nagusiak. Ez Dok Hiru Bikoteatroa antzerkilari bikotearen itzulera da antzokietara. Euskal antzerkigintzako zutabeetako bi izan dira, joan direneko 30 urteotan.
200 abestiren oihartzuna
Beste hiru aktore-musikari izango dituzte agertokian lagun: Adrian Garcia de los Ojos, Maria Arriaga eta Ivan Allue. Musika baitu ardatz euskal kantutegian oinarritutako
Ez dok hiru ikuskizunak, Tarteanek ekoitzia.
Euskal Herriko musika tradizioaren «errepaso ironikoa, absurdua eta dibertigarria» egingo dute bosten artean. Jokin Oregi dute zuzendari.
Helduei zuzendutako antzerkia da, umorezkoa eta euskarazkoa. Testuak Patxo Telleriak idatziak dira, berak eta Martinezek maisuki taularatutakoak.
Zuzeneko musikaren «indarrak» aberastuko du ikuskizuna. Kantu zaharrak eta berriak tartekatuko dizkiote kontakizunari. Zuzenean edo zeharka, 200 euskal abesti baino gehiagoren printzak joko dituzte hiru musikariek Arerian, zuzenean.
«Gure musika ondarea altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko emozionala». Umorez eta ironiaz aurkeztuko dute.