Gipuzkoako Artzain Txakurren Lehiaketak 50 urte beteko ditu etzi
34. Gipuzkoako Artzain Eguna hartuko du Legazpik etzi, igandearekin. Omenaldiak, dastaketak, erakustaldiak, erakusketak, lehiaketak eta argazki rallya izango dira
Legazpin, iraileko lehenengo igandearekin egin ohi den Gipuzkoako Artzain Egunak aurten emango duen zenbaki biribilena Artzain Txakurren Lehiaketaren eskutik dator. Izan ere, 50 beteko dira Ezkion lehenengoz egin zutenetik. Urteurrena ospatzeko Gatek, Gipuzkoako Artzain Txakur Elkarteak, goiz partean artzain txakurrak trebatzeko erabiltzen diren tekniken erakustaldia egingo du: arratsaldean Urtatzako zelaietan ohiko lehiaketa izango da.
Garaiko Ezkio-Itsasoko gazteen ekimenez hasi zen 1968an Gipuzkoako Artzain Txakur Lehiaketa. Anjel Aranzadi Xol txakurrarekin lan itzela egiten ari zen zenbait lehiaketatan eta Gipuzkoakoa Ezkion egiten hasi ziren. Aranzadik bost urtez jarraian irabazi zuen lehiaketa; beste hiru artzain baino ez dira marka horretara iritsi.
Eguneko ospakizunak eta ekintzak goizeko hamarretan hasiko dira. Gipuzkoako Artzain Gaztaren 34. Lehiaketa egingo dute eta eguerdiko omenaldien ostean sariak banatuko dituzte. Iaz Makatza baserriko gaztagile legazpiarrek jaso zuten saria.
Ardi okela prestatzen arituko dira hainbat elkartetako kideak. Gipuzkoako 28. lehiaketa izango da etzikoa eta ondoren okela dastatzera emango dute.
Ardi eta ahari erakusketa, artisautza erakusketa eta ardi moztea ere ikusi ahalko dira.
Omenaldiak
Omenaldiei dagokienez, artzaintza bizimodu izan duten Mari Paz Zabala eta Pako Lertxundi (Amezketa) eta Andres Etxeberria (Berastegi) omenduko dituzte. Ameriketara artzain joandako bi artzain bizkaitarri ere omenaldia egingo diete; hain zuzen, Txomin Arzimendiarretari (Markiña-Xemein) eta Jose Manuel Jaiori (Munitibar). Euskal Herriko Artzain Txakur Elkartea omenduko dute ekitaldi berean.
Artzaintzatik erretiroa hartuta dago honezkero Lertxundi aiatarra, bere artaldea neska katalan bati saldu zion eta hura dabil Amezketan bizi baina jatorriz Aiakoa den artzainaren hango bordan.
Arizmendiarreta markiñarra Australian eta Boisen (Idaho-AEB) ibilitakoa da eta Jaiok Koloradon egin zuen AEBetako egonaldia; osabaren rantxoan, mila bat buruko artaldea zaintzen aritu zen.
Egitaraua
Etzi, igandea · 10:00. Postuak irekiko dira. · 10:00-10:45. Gaztak jasotzeko tartearen hasiera. · 11:00. Gipuzkoako Artzain Gaztaren 34. Lehiaketa. · 11:00. Gazta dastaketa herrikoia, lehenengo gazta amaitzen den arte. · 11:00-12:15. Artzain txakurrak trebatzeko erabiltzen diren tekniken erakustaldia. · 11:15. Gaztagintzaren lehena eta oraina. · 11:30. Sagardo dastaketaren irekiera. · 12:00. Gaztetxoen Gazta lehiaketa. · 12:15. Ardi mozte erakusketa. · 12:45. Ardi okelaren banaketa. · 13:00. Omenaldiak: Gipuzkoako bi artzainei, Ameriketan aritutako bi artzain euskalduni eta GIATE Gipuzkoako Arditxakur elkarteari. Ondoren, sari banaketa. · Goizean zehar. -Euskal Herriko Latxa arrazako ardi eta ahari erakusketa. -Artzain Gazta elkarteko kideen gazta salmenta. -Sagardo dastatzea. -Gazte eta helduen argazki ra-llya. -Artisautza erakusketa Euskal Herria plazan. · 14:30. Herri bazkaria Aitxuri jatetxean. · 17:30. Gipuzkoako Artzain Txakur Txapelketa Urtatzako zelaian, urtegirako bidean.













