Jon Barrenetxeak irabazi du junior mailako Gipuzkoa Klasikoa Beasainen
Iñaki Maiz izan da lehen herritarra
Bizkaira, Gamizera, joan da Beasainen jokatu den Mundialaren aurreko Gipuzkoa Klasikoaren txapela, Gastronomia Vasca taldeko Jon Barrenetxeak irabazita. Bera izan da lehena helmugan, sprintean Aseguras Produque taldeko Ivan Cabori eta Polartec taldeko Carlos Rodriguezi aurrea hartu eta gero. Hiru txirrindulariek osatu dute podiuma.
Junior mailako proba hau goizeko 10:00etan abiatu da Beasaingo Nafarroa etorbidetik Espainia osoko 39 taldetan banatutako ia 200 txirrindularirekin, eta 122,5 kilometro egin eta gero, aurreikusi baino ia 15 minutu lehenago iritsi da helmugara, 13:00ak inguruan. Partaideen artean Ampo taldeko 12 goierritarrak ziren, eta horietan onenak Zegamako Xabier Berasategi eta Jon Arakama izan dira. Talde bereko Iñaki Maizek, berriz, lehen herritarraren saria jaso du.
Sari gehiago ere banatu dira: tarteko helmugena, mendikoa eta lehiakortasunarena Anoetan bizi den Josu Etxeberriak jaso du (Intersport Irabia taldea), eta taldearena Polartec-ek.