Paella jana, futbol txapelketa, kontzertuak eta haurrentzako ekintzak antolatu dituzte besteak beste. Aspanogirentzat diru bilketa egitea da festaren helburu nagusia

Asteburu osorako egitarau bete-betea antolatu dute Ordiziako Buztuntza auzoan eta ez, ez dira auzoko jaiak, baina aitzakia ederra bilatu dute. Izan ere, Aspanogiren aldeko elkartasun festa da Paulo Cerqueira auzoko bizilagunak antolatu duena. Aitzakia hori medio, datorren irailaren 14etik, ostiraletik hasi eta igandera arte, irailaren 16a arte ekitaldi ugari izango dira. Helburua garbia da, Aspanogi elkartearentzat diru bilketa egitea.
Cerqueirak azaldu duenez, «paella solidarioa antolatzea zen hasierako ideia»; «baina azkenean, «korapilatu egin zait» dio barrez. Astebururako antolatutako ekintzekin lortzen den diru guztia, Aspanogiri (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartea) bideratuko diote.
Cerqueirak berak ondo ezagutzen duen elkartea da. Bere alabetako bati, Sarari, minbizia detektatu zioten orain dela urte batzuk. «Aspanogik babes handia eman digu eta gertutik ezagutzeak, dituzten beharrak ezagutzea ere suposatu digu. Horregatik antolatu dut hau guztia», nabarmendu du. Aspanogik, zerbitzu ugari eskaintzen dizkie minbizia duten haurren gurasoei: «psikologoa, haurra ingresatuta dagoen bitartean etxebizitza bat dute erabilgarri, familientzat laguntza ekonomikoak, ospitalean egongela bat egokitu dute familiek han pasa behar duten denboran etxean bezala senti daitezen edo haurrekin irteerak antolatzen dira, besteak beste», argitu du.
Astebururako ekintzak
Ostiralean, hilak 14, arratsaldean ekingo diote elkartasun festari. 18:00etan Ritmo de Luna taldearen emanaldia izango da. 20:00etan haurrek moda desfilea egingo dute. Iluntzean, berriz, rock kontzertuak eta azkenik, Josu Rodriguez DJ egongo da musika jartzen.
Larunbatean, hilak 15, futbol txapelkerekin hasiko dira. Parte hartu nahi duten pertsonek, 30 euro ordaindu beharko dituzte. Txapelketa anexoan jokatuko dute. 10:30ean, buruhandiak aterako dira. Ordu berean, motozaleak iristen hasiko dira. Izan ere, 11:30ean Goierriko herrietan barrena moto irteera ere antolatu dute. Eta 14:30ean paella jana egingo dute. Bazkaltzera joan nahi duenak txartelak eskuragarri ditu 8 euroren truke. Arratsaldean, haurrentzako jolasak, buruhandiak eta apar festa izango dituzte. Iluntzean, berriz, Euphoria eta Storm taldeen kontzertua eta jarraian, Josu Rodriguez DJa. Gainera, ostiraletik igandera arte, barrakak egongo dira Buztuntzako plazan.
Futbol txapelketan parte hartu edo paella jateko txartelak erosteko Paulo berarekin jarri beharko da harrremanetan 630 084 922 zenbakira deituta edo Whatsap bidez.
Gainera, Bustuntzara gerturatu ezin baina kolaboratu nahi dutenentzat, kontu korrontea ireki dute La Caixan.