Gipuzkoar erako Aurresku Txapelketa Nagusia hartuko du Ordiziak
Gipuzkoar erako Aurresku Txapelketa Nagusia egingo da Ordizian larunbatean, udalak, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Amets Bide dantza taldeak antolatuta. Lehiatuko diren dantzariak zortzi izango dira, tartean hiru legazpiar: Nahia Lopez, Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola. Larunbatean izango da hitzordua, 19:00etan hasita, Plaza Nagusian.
Orain arte Euskadiko bi txapelketa egiten ziren, sexuaren araberakoak. Gipuzkoar Aurreskuarena, gizonezkoei zuzenduta zegoen eta Soinu Zaharrena, berriz, emakumezkoei. Aurten bi txapelketa horiek batu eta Aurresku Txapelketa Nagusia antolatu dute. Bertan, 15 urtetik gorako dantzariek parte har dezakete. Beraz, txapelketa bakarra eta mistoa, eta garaile bakar bat izango da aurten.
Epaimahaia Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak izendatu du eta Jose Luis Vallejok, Nahikari Vizuetek eta Izar Etxeberriak osatuko dute. Epaileek, kontuan hartuko dituzte, alde batetik pausoak eta bestetik, Gipuzkoako dantzen koreografiak sortzeko bete beharrezko arauak
Musika arloan berrikuntza ere izango da. Orain arte, dantzariek txistularien laguntzarekin dantzatu izan dute. Aurten, Soinu zaharra, txistuz eta esku soinuz dantzatu beharko dute. Aurkez aurkea edo Desafioa eta Zortzikoa, berriz, txistuz soilik. Txistulariak Ordiziakoak izango direla ere aipatzekoa da.
Lehen saria Patxi Epelde izeneko sari nagusia izango da. Sari hau irabazlearen herriko udaletxean gordeko da hurrengo edizioa ospatu arte.
Garate gogoan
Txapelketa hau Ordizian ospatzeko lan handia egin zuen Jesus Mari Garatek. Izan ere, berak elkartu zituen Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra, Amets Bide Taldea eta Ordiziako Udala eta azken urtean elkarlanean aritu dira, larunbatekoa posible egiteko. Garate ordea, apirilean zendu zen eta hark egindako lana gogoratuko dute seguru.